AKTUALITATEA


| 2023-04-04 10:43:00

Gaintxurizketa auzoko hainbat bizilagunekin bilera emankorra egin zuen atzo arratsaldean Lezoko EH Bilduk, Errekalde Hotelean, eta maiatzeko udal hauteskundeen ondoren ere harremanean jarraitzeko konpromisoa hartu du Mikel Arruti EH Bilduren alkategaiak. Gainera, Arrutik azaldu die Gaintxurizketak dauzkan arazo larriak —trafikoak eragindako herritarren mugikortasuna eta segurtasuna, esaterako— ez direla talde politiko baten edo bestearen kontua, eta, hala, auzoko bizilagunei adierazi die “herri gisa landu” behar direla gai horiek, “guztiok bat eginda, konponbideak lortu arte”.

Bereizgarritasun handiko auzoa da Gaintxurizketa. Trafikoa da izugarri baldintzatzen duen faktorea: ibilgailuen zirkulazio handiko bi errepidek zeharkatzen dute (GI-636k eta GI-2638k), eta bi errepide horien eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiarena da. Lezoko lursail nagusiak dituen auzoa ere bada, Lezoko herrigunetik aparte dago, eta EH Bilduren ustez, harremana berreskuratu beharra dago.

Alkategaiaz gain, Eneritz Arruti eta Jon Legorburu zerrendakideak egon dira Gaintxurizketako bileran. Ordu eta erdi inguruko bilkura izan da, mokadu bat eginez, eta auzokideek aipatutako kezken artean daude trafikoa, errepideko pasabidea, auzoaren mantenua, garraio publikoa, udalarekiko harremana…

Herriko bizilagunekin eta elkarteekin mantentzen ari den harreman sortaren barruan kokatu du atzokoa Lezoko EH Bilduk, haiekiko gertutasunaren seinale.

Argazkian, Gaintxurizketako atzoko bilera.