AKTUALITATEA


| 2023-05-08 21:06:00

Maddalen Iriarte ahaldungai nagusiak eta Oarsoaldeko herrietako lau alkategaiek —tartean, Lezokoak: Mikel Arrutik—, EH Bilduk Pasaiako badia biziberritzeko garatu duen plana aurkeztu dute gaur, Etorkizuneko Badia delakoa. Berrikuntza eta elkarbizitza ditu gako plan horrek, eta herritarrak ardatz hartuta, enplegua, gizarte-kohesioa eta ingurugiroa ditu helburu.

Maddalen Iriarte ahaldungai nagusiak azaldu duenez, itsas ekonomia edo ekonomia urdina garatzea izango da EH Bilduren apustua: “Gailuen elektrifikazioa, itsas-errobotika edota itsasoarekin loturiko kontsumo produktu berriez ari gara hizketan. Jarduera horietako batzuk eskatuko dute uretik gertu egotea eta uste dugu portuak hori ahalbidetzeko urratsak egin behar dituela”. Beste jarduera batzuk, berriz, ura bertatik bertara behar ez dutenak, eskualdeko industria-guneetan kokatuko lirateke.

Herrien eta portuaren arteko elkarbizitza errazteko konponbideak bilatuko ditu EH Bilduk, uste baitu industria jardueraren garatzaile bezainbeste herritarrekiko eta ingurumenarekiko arduratsua izan behar duela badiak. “Egungo zein etorkizuneko jarduerek inguruko herrien eta portuaren arteko harreman hobea sustatu dezaketela sinetsita gaude, muga marjinalak hobetu ditzaketela, baita herritarrekiko harremana ere. Horiek dira, beraz, gure apustuak, eta horiek garatzea da nire konpromisoa”, adierazi du Iriartek.

Etorkizuneko Badia proposamena eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutakoa dela azaldu du Teo Alberro EH Bilduren Pasaiako alkategaiak: “Askotariko eragileekin hamaika bileretan landu eta partekatu ditugu gure asmoak. Herritarrek etxeetan jaso dituzte jada, eta, dokumentu bizia den heinean, guztion ekarpenak jasotzen jarraituko dugu”. Egungo agintariek azken zortzi urteetan erakutsi duten utzikeria ere salatu du Alberrok, eta, horren kontrara, eskualdeko lau alkatetzetatik eta zehazki Pasaiako alkatetzatik hitzemandako proiektuak garatzeko konpromisoa berretsi du: “Herritarrekin egingo dugu, hori delako politika ulertzeko guk dugun modua, herritik, herriarentzat, baina, batez ere, herritarrekin”.

Argazkian, EH Bilduren ordezkariak, gaur, Pasaian. Mikel Arruti, eskuinetik bigarrena.

Planeko zenbaiit proposamen.