AKTUALITATEA


| 2021-05-24 11:21:00

Getxoko EH Bildu taldeak salatu duenez, PNV-PSEko Udal Gobernuak aurrekontuen prozesu partehartzailearen emaitzak manipulatu ditu. Aurten ere, Udalak kanpaina bat egin du getxoztarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Guztira, 644 herritarrek 995 ekarpen egin dituzte.

Prozesuaren lehen fasea amaitu ondoren, Udalak 8 proiektu aukeratu ditu, eta hurrengo fasera igaroko dira. Teorian, herritarrek gehien bozkatutako 8 proiektuak dira.

Zoritxarrez, EH Bildutik egiaztatu ahal izan dugunez, PNVk eta PSEk herritarren iritzia manipulatu eta emaitzak aldatu dituzte. Horretarako, Udal Gobernuak hainbat aitzakia erabili du: proiektu batzuek ez dutela "interes orokorra" bilatzen (betiere euren ustez, noski), beste proiektu batzuk martxan daudela jada... Argudio horiek erabilita, herritarrek egindako hainbat ekarpen atzera bota dituzte: Bizkaiko Zubiko plazaren lurzorua aldatzea, komun publikoak ezartzea, Usategiko parkea hobetzea edota Alangoko gasolindegi zaharrarentzat erabilera berriak bilatzea.

Proposamen bozkatuena, 72 botorekin, "dispertsioak sortutako gastuei aurre egiteko laguntzak berreskuratzea" izan da, eta PNVk eta PSEk ere baztertu egin dute bigarren fasetik, getxoztarren artean babes gehien jaso duen proposamena izan arren.

Udalak, aldiz, askoz babes txikiagoa lortu duten proposamenak aukeratu ditu, euren arabera "interes orokorrari" erantzuten diotelako: herriko bide publikoen gida bat sortzea (3 boto), trinketeko pareta margotzea (boto bat), herriko lau plazatan wifia jartzea (boto bat)... Udal Gobernuak ere beste proposamen batzuk asmatu ditu, edota elkarren artean inolako lotutarik ez duten proposamenak batu ditu izenburu komun batean, botoak batu ahal izateko.

EH Bilduk salatu duenez, "hori da PNV-PSEren formula. Auzokideen iritzia eskatzen dute, baina emaitza gustuko ez badute, aldatu edo birformulatu egiten dute, euren interesekin bat etorri arte".

Hainbat herritarrek ere hobekuntzak eskatu dituzte udalerriko haur-parkeetan: parke estaliak sortzea, egungo parkeak hobetzea... Kasu honetan ere, Udalak proposamena "birformulatzea" erabaki du, Arene kaleko haur-parke bat estaltzeko proiektua sartuz. Parke hori, gainera, ez da eraikitzen hasi oraindik, eta Udal Gobernuak aurreikusita zuen jada aldez aurretik.

EH Bilduk EAJren eta PSEren manipulazioa salatu nahi izan du: "Ez da zilegi auzokideak euren iritzia ematera bultzatzea eta ondoren Gobernu Taldeak hurrengo fasera igaroko diren proposamenak zeintzuk diren erabakitzea, beti ere euren irizpide eta ikuspegiaren arabera. Herriaren borondatearekiko errespeturik eza eta arduragabekeria da, parte-hartze prozesuei sinesgarritasuna kentzen dielako. Azalpenak eskatzen jarraituko dugu herritarren iritzia bete dadin".

Era berean, EH Bildutik auzokideen proposamen guztiak argitaratu ditu, getxoztar guztiek herritarrek zer adierazi duten kontsultatu ahal izateko:

https://issuu.com/getxokoehbildu/docs/2022ko_aurrekontu_parte-hartzaileak