Azken urteetan nabarmen egin du gora gurutza-ontzien turismoak Getxoko portuan. 1997. urtean heldu zen lehenengo kruzeroa gure kostaldera, eta geroztik turismo-mota honen gorakada etengabea izan da. 2006. urtean Getxoko lehenengo kaia ireki zen; 2014. urtean bigarrena; eta 2017. urtean geltoki berria. Aurten marka guztiak hautsi dira, Portuko Agintaritzak harrotasunez iragarri zuenez: 90 kruzero baino gehiago helduko dira gure kostaldera, 150.000 turista baino gehiagorekin. Hamar egunetan gurutza-ontzi bi egongo dira aldi berean portuan; eta bi egunetan hiru kruzero.
Askotan eztabaidatu du Getxoko osoko bilkura honek kruzeroen turismoaren inguruan. Oraindik ez dugu ezagutzen zehazki zein den turismo mota honek gure kostaldean eta gure herrian duen eragina, ez baita ikerketarik egin horretarako. Hasteko, ez dakigu zein den bere ekarpen ekonomikoa, turismo-mota hau justifikatzeko gehien erabiltzen den argudioa. Badakigunez, kruzero gehien-gehienak ordu batzuk baino ez dira egoten portuan, eta bisitari askok zerbitzu eta otordu guztiak ordainduta dituzte kruzeroetan. Kontuan hartuta erakundeetatik egiten den inbertsio publikoa (azpiegiturak, autobusak, publizitatea...), zalantzan jartzekoa da horrek benetan uzten duen ekarpen ekonomikoa. Edozelan ere, ez dago horren inguruko datu zehatzik.
Kruzeroek gure kostaldean sortzen duten kutsadura eta horrek ingurumenean duen eragina ere kontuan hartzekoa da. Askotan aipatu da: gurutza-ontziak dira garraiobiderik kutsakorrena alde nabariarekin, milaka kotxe baino azufre toxiko gehiago isurtzen baitute batazbeste. Isuri baxuko eremuak sortzen ari dira herri eta hiri handietan, "autorik gabeko eguna" ospatu berri dugu, baina Getxon milaka kotxe baino gehiago kutsatzen duten ibilgailuak erakartzen saiatzen ari gara. Gurutza-ontzien terminalean kargatzeko sistema berriak jartzeak ez du esan nahi, inondik inora, gurutza-ontzien ingurumen-eragina desagertuko denik.
Azkenik, kruzeroen eragin soziala ere aipatu behar dugu. Mundu mailan hedatzen ari da turistifikazioa eta gentrifikazioaren inguruko kezka, turismoak hiri eta herri batzuetan bertako bizilagunen bizitza-kalitatea okertu duelako. Argi dago Getxo ez dela Bartzelona eta edota Venezia, baina hemen ere momentuz "zenbat eta gehiago, hobeto" filosofiarekin jarraitzen dugu, norabide horretan. Uda honetan bertan ikusi ahal izan dugu gurutza-ontzietako autobusek Algortako erdigunean eta metro geltokian sortutako pilaketak eta arazoak. Eta gurera etortzen diren kruzeroek ere eragina dute Bilboko zazpi kaleetako gentrifikazio prozesuan, esate baterako. Bisitatu leku bat, baina ez ezagutu: dekoratuak sortu, besterik ez.
Aurten markak hautsi dira gurutza-ontzien turismoari dagokionez, baina asmoa da hazten jarraitzea eta eredu honetan sakontzea, arestian aipatutako ondorioak kontuan hartu barik. Horren erakusgarri da Hamburgon ospatu berri den gurutza-ontzien topaketan Bilboko Portu Agintaritzak parte hartu izana, Getxoko kaia saldu eta kruzero gehiago gurera erakartzeko asmoz. Non egongo da muga? Ba ote dago mugarik?
Norabide horretan ere ulertzen da Getxoko kirol portuan kruzeroekin lotutako hotel berria irekitzeko proiektua. Portu Agintaritzak iragarri duenez, hotelak lau izar, 190 gela, zortzi solairu eta 26 metroko altuera izango luke, horrek kostaldean sor dezakeen inpaktu bisualarekin. Euren helburua Getxoko kaia "home-port" bihurtzea da, hau da, gurutza-ontziak irten eta heltzen diren portua, langile eta turistek kruzerora igo aurretik bertan lo egin dezaten. Beraz, hotel hau gurutza-ontziak bultzatzen jarraitzeko estrategiaren baitan kokatzen da; horretarako araua aldatu behar bada ere helburu horretarako, egiten ari den bezala, kirol portuaren erabilera aldatu eta salbuespenak ezarriz. Dena, gurutza-ontzien zerbitzura egongo den eta inpaktu bisual handia izango duen azpiegitura bat egiteko.
Egoera honen aurrean, honako mozio proposamena aurkezten diogu Getxoko osoko bilkurari:
1.- Getxoko Udalak eskaera egiten dio Bilboko Portu Agintaritzari gurutza-ontzien turismoa sustatzeari uzteko, nazioarteko azoketara bisitak, publizitatea eta sustapen-politikak bertan behera utziz.
2.- Getxoko Udalak eskaera egiten dio Bilboko Portu Agintaritzari Getxoko kaia gurutza-ontzien "home-port" bihurtzeko asmoak bertan behera uzteko.
3.- Getxoko Udalak alegazioak aurkeztuko dizkio Bilboko Portuko zerbitzugunea antolatzeko plan bereziaren aldaketa puntualari, Getxoko kaian eraiki nahi duten 26 metroko altuera izango duen hotelaren proiektua gelditzeko.