Azken urteetan Algortako Amezti kaleak gainbehera nabarmena izan du. Kale honetan zeuden merkataritza eta ostalaritza jarduera gehienak itxi egin dira, eta gaur egun pertsiana itxi eta hutsik dauden lokalak ugaritu dira. Horrek kale itxuraren narriadura ekarri du: itxitako pertsianen egoera kaskarra, garbitasun arazoak eta abandonu sentsazioa.
Gainera, kaleak duen ezaugarri fisikoak -aldapa nabarmen bat- ez du laguntzen bertan ibiltzea eta bizitza soziala garatzea. Bestalde, kotxeek espazio gehiena hartzen dute, eta horrek espaloien estutasuna eta oinezkoen zailtasunak eragiten ditu. Ondorioz, Amezti kalea gaur egun ez da espazio erakargarri eta bizia, ez merkatarientzat, ez ostalarientzat, ezta bizilagunentzat ere.
Egoera horren aurrean, beharrezkoa ikusten dugu auzoaren biziberritze estrategiko bat martxan jartzea. Horretarako ezinbestekoa da prozesu parte-hartzaile bat, bertako ostalari, merkatari eta auzokide guztiei irekia, diagnostiko partekatu bat egiteko eta etorkizuneko plan bateratu bat diseinatzeko.
Horren bidez, aukera izango litzateke:
• Kalea merkataritza eta ostalaritzarako berriz erakargarri bihurtzea
• Garbitasun eta estetikaren hobekuntza
• Kalea erdi oinezkoentzat izateko aukera aztertzea, oinezkoen mugikortasuna eta auzoko bizi-kalitatea hobetzeko
• Bizilagunentzako espazio atsegin eta segurua sortzea, auzoaren kohesioa indartuz
Horregatik, honako mozio proposamena aurkezten diogu Getxoko Osoko Bilkurari:
1. Getxoko Udalak prozesu parte-hartzaile bat abiatuko du, Amezti kaleko tabernari, merkatari eta oro har auzokide guztiei irekia, kalea eta bere ingurua biziberritzeko plan estrategiko partekatu bat garatzeko.
2. Plan horretan, besteak beste, honako helburuak jorratuko dira: merkataritzaren sustapena eta biziberritzea, kale estetikaren eta garbitasunaren hobekuntza, eta Amezti kalea erdi oinezkoentzat bihurtzeko aukera aztertzea, irisgarritasuna eta espazio publikoaren kalitatea hobetzeko.
3. 2026.urteko udal aurrekontuetan diru-partida zehatz bat gordeko da prozesu parte-hartzaile hori martxan jartzeko eta beharrezko baliabide teknikoak eta dinamizazio soziala bermatzeko.