AKTUALITATEA


| 2025-07-16 16:23:00

EH Bilduren Getxoko udal taldea pozik agertu da Udalak arrazoia eman diolako Irurak Bat jauregia eraisteko espedientean EH Bilduk aurkeztutako helegitean. Horrek esan nahi du iazko irailean hasitako espedientea baliogabetzat jo behar dela, ez baita bermatu auzian pertsonatutako EH Bilduren parte-hartzea. "EH Bildu espedientetik kanpo uzten saiatu dira, ez gaituzte kontuan hartu alde interesatu gisa, gaia azkar eta korrika gainetik kendu nahi zutelako, baina azkenean arrazoia eman behar izan digute".

EH Bilduren helegitea onartu izanak esan nahi du prozedura berriz hasiko dela eta, beraz, eraispena egin zuen enpresari jarritako zigor ekonomikoa ere berriro aztertuko dela. Aurtengo martxoan, EAJren eta PSEren Gobernu Taldeak enpresari 50.000 euroko isuna jartzea erabaki zuen, EH Bilduren iritziz, kopuru lotsagarria, ez baitzuen ondarearen galera konpentsatzen, ezta enpresak eraistearekin etekin ekonomikorik ez lortzea bermatzen ere. Hala ere, Udalaren txosten tekniko baten arabera, enpresak 730.000 euro baino gehiago aurreztuko ditu. Txosten hori erreferentzia gisa hartuta, EH Bilduk gutxienez kopuru horretara iristea eskatuko du, "gure herrian ondare historikoa eraistea zigorrik gabe gera ez dadin".

EH Bilduk salatu duenez, Gobernu Taldearen asmoa "gaia bide azkarretik konpontzea izan da, txantxa diren zigorrekin eta gardentasun ezarekin. Prozedura erabat akastuna da ". Helegiteari eta EH Bilduren fiskalizazioari esker (EH Bilduk ere fiskaltzara jo zuen gai honetan jardun zezan, eta akusazio partikular gisa aurkezteko eskatu zion Udalari, alferrik), prozedura berriro hasiko da. Hori dela eta, koalizio soberanistak Gobernu Taldeari eskatu dio berriz hausnartzeko, gardentasunez jokatzeko eta enpresa behar bezala zigortzeko. EH Bilduk ildo horretan lanean jarraituko du erantzukizun guztiak argitu arte.