AKTUALITATEA


| 2025-04-07 10:09:00

"Getxon ere posible da" lelopean, egitarau oparoa izango dute Parentesiak jardunaldiek apirilaren 29tik maiatzaren 13ra arte, Getxoko hainbat espaziotan. Bertako EH Bilduk antolatuta, lau saio ezberdin antolatuko dira, honako gaiak landuz: pertsona nagusien zaintza, hiri-mugikortasunaren eredu ezberdinak, harrera egiteko ereduak eta turistifikazioaren ondorioak. Horretarako, hainbat udalerritan martxan jarritako egitasmoak ezagutzeko aukera izango da. Euskal Herriko ordezkariez gain, Madril, Katalunia eta Galizako esperientziak ezagutzeko aukera egongo da. Parentesien bigarren edizio honen helburua herri ezberdinetako errealitateak ezagutzea da, "euren esperientzietatik aberastu eta gurera ekartzeko. Getxon ere posible dela amesteko, sinisteko eta errealitate bihurtzeko".

Lau saioak Getxoko leku ezberdinetan antolatuko dira, guztiak 19:00etan. Apirilaren 29an izango da lehenengoa, Areetako Elkartegian, "Zahartzaroan ere libre, aktibo eta ikusgarri" izenburuarekin. Hiru hizlarik parte hartuko dute:  Nerea Almazán psikologo eta ikertzailea; Izarra Urdalleta Segurako alkatea, bertan pertsona nagusiekin batera prozesu parte-hartzaile aktiboa garatu dutelako; eta Federico Armenteros, Madrileko 26 de Diciembre Fundazioko kidea, LGTBIQ+ nagusien egoitza sortu dutelako bertan.

Maiatzaren 6an antolatuko da bigarren hitzaldia, Villamonte Kultur Etxean. "Getxo, harrera herria?" berbaldian harrera egiteko moduez, kulturartekotasunaz eta gorro-diskurtsoez arituko gara. Gurekin batera izango ditugu Boubacar Diouf, Mbolo Moye Doole manteroen elkarteko kidea; Liliana Ulchur eta Eneko Gerrikabeitia, Gallartako Martin Etxeko ordezkariak (bertan giza eskubideen defentsan aritu diren militante politikoei harrera egiten zaie, jatorrizko herrietan jazarpena pairatu dutelako); eta Euskal Herria 11 Kolore taldeko Txekun Lopez de Aberasturi, gure gizartean bizi dugun jatorri aniztasunaren inguruan eztabaida sustatzeko asmoarekin jaiotako herri ekimena.

Bi egun beranduago, Romo Kultur Etxean, hainbat herri eta hiritan mugikortasunarekin lotuta hartutako neurrien inguruan arituko gara. Estatu mailan erreferentzialak diren bi hiriren parte-hartzea izango dugu. Alde batetik, Pontevedrako hirigintza zinegotzi Alberto Oubiñak parte hartuko du, online, BNGk gidatutako hiri hau eredugarria baita mugikortasun jasangarriari dagokionez. Bestetik, Janet Sanz ere izango dugu, gaur egun Barcelona en Comú taldeko presidentea eta zinegotzia da, eta Ada Colauren gobernuetan ekologia, hirigintza eta mugikortasun arduraduna izan zen. Gainera, EH Bilduko batzarkide Raul Mendezek Bizkaiko testuingurua ere jarriko du.

Azkenik, maiatzaren 13an turistifikazioaz eta gurutza-ontzien eraginez arituko gara, Algortako Portu Zaharrean bertan, Pedro Bilbao Doktorearen plazan (euria egitekotan, Bilgunean). Kasu honetan, Bilboko zazpikaleetako errealitatea ezagutuko dugu SOS Alde Zaharreko Eritz Mendizabalen eskutik, Bartzelonakoa Daniel Pardo Rivacoba, ABDT Asamblea de Barrios por el Decrecimiento Turístico taldeko kidea; eta Itziar Murua Uria EH Bilduko legebiltzarkide zarauztarra.

Hitzaldi guztiak 19:00etan hasiko dira eta itzulpegintza zerbitzua egongo da behar duenarentzat.