Dagoeneko zalantzarik ez dago larrialdi klimatikoari behar bezala aurre egitea gure jendarteak esku artean duen erronkarik handienetarikoa dela. Eraldaketa handiak egin beharko dira komunitate zientifikoak, Nazio Batuek edo Europar Batasunak proposatu dituzten neurri eta helburuak erdiesteko. Udalerriak prozesu honetan paper garrantzitsua jokatzera deituak daude, eta maila instituzional ezberdinetan onartzen ari diren lege, arau edo erregelamenduek gure udalak zuzenean interpelatzen dituzte.
Estatu espainiarreko maiatzeko 20ko 7/2021 Aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren legearen 14.3 artikuluan honako hau jasotzen da:
14.3 50.000 biztanletik gorako udalerriek eta uharteek hiri-mugikortasun jasangarriko planak onartuko dituzte 2023a baino lehen, mugikortasunaren ondoriozko emisioak murrizteko neurriak hartzeko, gutxienez honako hauek barnean hartuta:
a) 2023a baino lehen emisio txikiko eremuak ezartzea.
(...)
i) Azken miliako elektrifikazio-plan espezifikoak udal-emisio txikiko eremuekin integratzea.
(...)
Emisio txikiko eremutzat hartzen da administrazio publiko batek, bere eskumenak erabiliz, bere lurraldearen barruan, modu jarraituan mugatzen duen eremua. Eremu horretan, ibilgailuen sarbide-, zirkulazio- eta aparkatze-murrizketak aplikatzen dira airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioak arintzeko, ibilgailuen emisio-mailaren araberako sailkapenaren arabera, indarrean dagoen Ibilgailuen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoaren arabera.
Beraz, legearen arabera, 50.000 biztanletik gorako udalerriek dagoeneko onartuak behar lituzkete hiri-mugikortasun jasangarri planak non emisio txikiko eremuak zehazten diren. Izan ere, dagoeneko badira hainbat erkidegotan eremu hauek zehaztu dituzten hainbat hiri. Alabaina Euskal Autonomi Erkidegoko hirietan atzerapena nabarmena da, oraindik 50.000 biztanle baino gehiago dituzten 6 hirietatik bakar batek ere ez baitu horrelako eremurik zehaztu, legea urratuz.
Horregatik guztiagatik, Getxoko EH Bildu udal taldeak mozio hau aurkeztu du, Osoko Bilkurak eztabaidatu eta onar dezan:
1. Getxoko Udalbatzak udal gobernuari eskatzen dio 2023a amaitu aurretik Getxon isuri txikiko eremua onartzeko behar beste neurri har ditzala.