Udaberria heldu berri da eta eguraldi onarekin batera gero eta gehiago dira Getxoko kostaldera gerturatuko diren pertsonak, turistak zein beste udalerri batzuetako bisitariak. Ereaga, Arrigunaga eta Gorrondatxez gain, Algortako Portu Zaharra da bisitari askoren leku gogokoenetako bat, batik bat egun eguzkitsuetan eta asteburuetan. Jakina da gero eta turista gehiago heltzen ari direla gure herrira (iaz kopurua %17 igo zen, Getxo Turismoko datuen arabera) eta horrek, tokiko ekonomian eragin positiboak ere izan ditzakeen arren, hainbat arazo sortu dituela leku batzuetan: gentrifikazioa, pisu turistikoen ugaritzea, auzo bizitzaren galera...
Mugikortasunaren ikuspegitik ere, gero eta arazo gehiago sortzen ari dira inguru horretan, gero eta kotxe gehiago pilatzen direlako bertan, ez bakarrik asteburuetan edo udan, baizik eta urte osoan zehar. Ohikoa bihurtu da Arriluzetik Portu Zaharrera auto-ilara etengabeak ikustea, horrek sortzen duen zarata eta kutsadurarekin. Aldi berean, Portu Zaharreko bizilagunentzat benetako arazo bat bihurtu da auzoan kotxea uztea, udan TAO ordaintzen duten arren. Honi guztiari gehitu behar diogu inguruan antolatzen diren jaialdi eta bestelako ekitaldien eraginez, aparkatzeko aukera murriztuta izaten dutela askotan, eta gainera ez dute Getxoko gainontzeko espazioetan aparkatzeko aukerarik.
Egoera honen aurrean, argi dago inguru horretan trafikoa erregulatzeko eta mugatzeko neurriak hartu behar direla, ilara eta karabana etengabeak saihesteko. Ez bakarrik auzokideei erraztasunak emateko, baizik eta gure kostaldea inguru atseginagoa bihurtzeko. Arriluze sarreran jarritako seinaleak lagungarriak dira (bertan adierazten da zenbat aparkaleku dauden libre, libre egotekotan), baina ez dira nahikoa, kotxeak zai egoten direlako bigarren ilaran, espaloian, bidegorrian eta abar. Udan, eguraldi ona egiten duenean, gazte eta ume ugari egoten dira portuan bainatzen, eta kotxeen joan-etorri etengabeak inguru atsegin honi kalte egiten dio, baita ere segurtasunaren aldetik.
Kotxe pribatuaren erabileraren aurrean, erakunde publikoetatik garraio-publikoa indartzeko neurriak hartu beharko genituzke. Getxobusa martxan jartzen denean lagungarria izan daiteke Portu Zaharreraino heltzeko metro geltokietatik, baina ezin dugu itxaron herri-busa martxan jarri arte inguru horretan neurriak hartzeko. Gauza bera BizkaiBiziren kasuarekin: bertaraino bizikleta zerbitzua luzatzea eskatu dugu, baina ez omen dago aukerarik kontratua berriztu arte.
Pandemia garaian, konfinamendua amaitu ostean, La Ola jatetxetik aurrera trafikoa mugatu zen pertsonen arteko distantzia bermatzeko eta masifikazioak ekiditeko. Auzokideei bakarrik utzi zitzaien kotxearekin sartzen aparkalekura. Orain ez dugu osasun-krisirik bizi, baina agerikoa izan zen Portu Zaharrean bizitza-kalitatea nabarmen hobetu zela uda horretan neurri hori hartu zenean: trafikoa izugarri jaitsi zen, oinezkoek protagonismoa bereganatu zuten auzoan eta umeak kotxeen beldur barik bainatu ziren.
Neurri hori bera indarrean jar zitekeen uda honetan ere, proba-pilotu moduan behintzat: La Olatik aurrera trafikoa mugatu egoiliarrentzat, beste udalerri batzuetan udan egiten den bezala. Inguru atseginagoa sortu kostaldean, kotxeen joan-etorri etengabeak mugatu eta masifikazioari aurre egin. Aldi berean, Getxora garraio publikoaren bidez heltzeko kanpainak indartu eta kontzientziazioa egin, kostaldera kotxe pribatuarekin joatea ekiditeko asmoz. Neurri hau udan jarriko litzateke martxan, eta urte osoan luzatzeko aukera aztertuko litzateke, jasotako emaitzaren arabera.
Hau guztia kontuan hartuta, honako akordio puntuak proposatzen dizkiogu osoko bilkurari:
Getxoko Udalak neurriak hartuko ditu Algortako Portu Zaharrean trafikoa erregulatzeko. Ekainetik irailera arte La Ola jatetxetik aurrera kotxeen joan-etorria mugatuko da eta auzokideek bakarrik izango dute bertan aparkatzeko aukera, egoiliarrentzako TAOren bidez. Tabernetako hornitzaile eta zarama jasotzeko kamioiek 07:30-11:30 arteko tartea izango dute.