AKTUALITATEA


| 2023-10-23 12:50:00

Aurtengo udaberrian Getxoko EH Bildutik inkesta zabaldu genuen getxoztarron artean, umeei begirako zerbitzu eta azpiegituren inguruan herritarron iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Galdetegiak oso harrera ona izan zuen, eta 150 gurasoren erantzunak jaso genituen, hainbat arlori buruz: parkeen egoera, ludoteka baten beharra, kalean kultur jarduerak bultzatzea, naturgune basatiak sortzeko aukera... 

Inkesta horretan agertu zen beste ondorioetako bat Getxolandiaren balorazio kaskarra izan zen. Hainbat ikuspegitatik begiratuta: bertan eskaintzen den zerbitzua, azpiegitura bera, kokapena, prezioa... EH Bildutik ere bat egiten dugu irakurketa eta kezka honekin. Iaz Getxolandia Xake Plazaren eraberritze-lanen inguruan antolatu zen, Kale Nagusiaren errepidea moztuta. Aurten oraindik Udal Gobernuak ez du jakinarazi espazio berean antolatuko duen edo beste kokapen duinago bat bilatuko duen.

EH Bilduren iritziz, beharrezkoa da Getxolandiaren ereduaren inguruan hausnarketa bat egitea. Lehenik eta behin, gurasoen eta umeen iritzia kontuan hartzea beharrezkoa da, argi baitago herritar askorentzat bertako eskaintza ez dela nahikoa. Horren adibide da, getxoztar ugari joaten dela inguruko udalerrietara, bertan antolatu den egitarauaz gozatzera.

Ereduaren inguruan hausnartzerako orduan, Getxolandiak eskaintzen duen zerbitzuaz ere eztabaidatu behar da: atrakzioetatik haratago, bestelako zerbitzu eta tailerrak eskaini daitezke, herriko eragileekin elkarlanean. Askotariko egitaraua antolatu daiteke: irteerak, tailerrak... Eta hori guztia, noski, euskara ardatz hartuta.

Kokapenaren inguruan ere, badago zer hobetu. Argi dago aukerarik egokiena leku estali batean antolatzea dela, neguan egiten duen eguraldia kontuan hartuta. Iaz bertan, egun batzuetan Getxolandia bertan behera geratu behar izan zen, eguraldi kaskarra dela eta. 

Horregatik guztiagatik, Getxoko EH Bildu udal taldeak mozio hau aurkeztu du, Osoko Bilkurak eztabaidatu eta onar dezan:

1.- Getxoko Udalak prozesu partehartzailea abiatuko du herriko ume, guraso eta eragileen artean euren ekarpenak jaso eta Getxolandiaren eredua aldatzeko.

2.- Getxoko Udalak azterketa egingo du Getxolandia espazio itxietan eta auzo ezberdinetan antolatzeko. Getxolandiaren egitaraua herriko aisialdi-eragileekin batera landuko du, atrakzioetatik haratago doan programazioa osatzeko.

3.- Getxoko Udalak bermatuko du Getxolandiako kultur egitarauaren ardatza euskara izango dela.