AKTUALITATEA


| 2024-10-24 09:01:00

Agerikoa da, Getxon etxebizitza arazo larria daukagula. Gure herrian oso zaila edo ezinezko bihurtu da etxebizitza duina eskuratzea, etxebizitzaren prezioa neurriz kanpokoa da eta azken urteotan eskubide izan beharko lukeena pribilegio bihurtu da, ondorioz, gure herriko gazteek beste herri batzuetara alde egin behar izan dute.

Zein da Getxoren etorkizuna gazte eta belaunaldi berriez husten baldin bada? Nola egingo diogu aurre egoera honi? Gure ustez, gazteek herritik alde egin behar baldin badute, etorkizuna latza da. Daukagun arazoari irtenbidea ematea ezinbestekoa da. Eta horretarako zenbait neurri indarrean jarri behar dira berandu baino lehen.

Getxon alokairua sustatzeko urratsak egin behar dira, eta bide horretan ezinbesteko iruditzen zaigu etxebizitza hutsak mobilizatzea. 2015eko Etxebizitza Legeak ezarriko duen etxebizitza hutsagatiko kanona ezarri bitartean, ondasun higiezinen gaineko zerga ordenantzan aldaketak egiteko ordua da.

Jakin badakigu neurri horrek ez duela ezer konponduko baina borondate politikoaren adierazlea izango da. Gainera, merkatua ordenatzeko tresna bat izan daiteke.

Horregatik guztiagatik, honako akordio-proposamena egiten diogu Getxoko osoko bilkurari:

Getxoko Udalak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordenantzan 10.artikuluan “gainkarga” puntua gehitzea Foru Aldundiaren ordenantzan agertzen den moduan. Hain zuzen ere, Foru Aldundiaren 4/2016, maiatzaren 18koa, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko ordenantza bere 10.9.artikuluan adierazten den moduan.

10.bis artikulua gehitu.

Gainkarga:

10. bis Ondasun higiezinek bizitegi-erabilera dutenean, eta subjektu pasiboaren edo hirugarrenen ohiko egoitza ez direnean —hirugarrenen kasuan errentamenduz edo lagapen bidez—,%50eko errekargua izango da zergaren kuota likidoaren gainean. Errekargua zerga honen subjektu pasiboei exijituko zaie, haren sortzapena zerga sortzen den une berean gertatuko da, eta urtero likidatuko da, kuotarekin batera.

Bizitegi-erabilera duen ondasun higiezintzat hartuko da, hura kokaturik dagoen udalerriko erroldan egiaztatuta badago bertan bizi den/direnen ohiko bizilekua dela Ondasun Higiezinen Zergaren sortzapen datan.

Errekargu honen aplikazioaren ondorioetarako, etxebizitzaren eranskinak barruan sartuko dira finka erregistral bakarra osatzen badute.

Errekargu hori ez zaie inoiz ere aplikatuko administrazio publikoen edo euren erakunde instrumentalen jabetzakoak diren ondasun higiezinei, baldin eta arrazoizko prezioan alokatzeko etxebizitzen eskaintza publikoan sartuta badaude edo hirugarrenek laga badizkiete haiei, merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritzako programa publikoak betearazteko.