AKTUALITATEA


| 2023-10-30 11:35:00

Udal Gobernuak, beraz, "bidelagunak" aukeratu beharko ditu aurrekontuak onartzeko. Koalizio subiranista kontuak negoziatzeko prest agertu da, eta hala jakinarazi zien EAJri eta PSEri urriaren 17an egindako bileran. Koalizioaren ustez, "argi dago herri eredu ezberdinak ditugula, baina EH Bilduk jarrera eraikitzailea eta proposamenezkoa izaten jarraituko du akordioak lortzen saiatzeko".

EH Bilduk azpimarratu duenez, udal hauteskundeen ondoren sortu den egoera berriak Getxoko alderdi politikoak hitz egitera behartzen ditu: "EAJk eta PSEk ezin dute inposaketaren bidez gobernatzen jarraitu gehiengo absolutua balute bezala, jada ez dutelako". Horregatik, EH Bildu prest agertu da aurrekontuak "ikuspegi sozialetik eta auzoen beharrei lehentasuna emanez" negoziatzeko, neurri aurrerakoiekin. Talde subiranistaren ustez, "akats larria izango litzateke EAJk eta PSEk PPrekin ituna egitea, horrek arlo sozial eta ekonomikoan kontu kontserbadoreagoak onartzea ekarriko lukeelako. Eta argi diogu: ezinezkoa da EH Bildurekin eta PPrekin aldi berean akordioa lortzea".

Aurrekontuen negoziazioetan, EH Bilduk hainbat proposamen aurkeztuko ditu, "Gobernu Taldeak onar ditzakeenak"; izan ere, horietako asko osoko bilkurak onartu ditu dagoeneko, baina finantzaketa behar dute, Getxobus martxan jartzea, esaterako. Gainera, EH Bilduk proposamen hauek egingo ditu, besteak beste: Udaleko Berdintasun zerbitzua handitzea; "Getxoztarra" txartela tokiko monetaren filosofiarekin martxan jartzea; Errotatxuko industrialdean Getxo Abentura sortzea; mugikortasun iraunkorrean urratsak ematen jarraitzea eta larrialdi klimatikoari aurre egitea; euskararen normalizazioa, etab. Tasei eta zergei dagokienez, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko neurriak hartzea proposatuko du EH Bilduk, beste hainbat udalek egin duten bezala.