AKTUALITATEA


| 2023-12-04 13:02:00

Getxoko EH Bilduk salatzen du EAJren eta PSEren Gobernu Taldeak PPrekin aurrekontu atzerakoiak onartzeko akordioa lortu duela. Itun honek ez du aldatzen errotik Udal Gobernuaren proposamena: aurrekontu atzerakoiak dira, murrizketak dituztenak, eta hainbat arlo ahazten dutenak: larrialdi klimatikoaren kontrako borroka, tokiko ekonomia edo etxebizitza politika, besteak beste. EH Bilduren ustez, itun honek ez die erantzuten getxoztarron benetako beharrizanei.


EH Bildu prest agertu da uneoro Gobernu Taldearekin kontuak negoziatzeko, proposamenak egiteko jarrerarekin eta Gobernu Taldearentzat onargarriak izan daitezkeen proiektu egingarriak mahai gainean jarriz, etxebizitza, berdintasuna edo gizarte zerbitzuak bezalako arloekin lotuta.

Bi bilera egin dituzte hiru alderdi politikoek aurrekontuak aztertzeko, EH Bilduk eskatuta. Bilera horietan, gobernu-taldeak ez zuen dokumentu bakar bat ere aurkeztu negoziatzeko. EH Bilduk 40 proposamen baino gehiago aurkeztu zizkien EAJri eta PSEri, kontuak negoziatzeko helburuarekin. Hala ere, Gobernu Taldeak ez die EH Bilduk egindako proposamenei erantzun ere egin, aztertuko zituztela eta harremanetan jarriko zirela esan zuten arren. EH Bilduk berak eskatu zuen hirugarren bilera baterako data, ikusita emendakinak aurkezteko epea igaro zela eta EAJk eta PSEk erantzun ez zutela.

 

"Erantzuna" gaur iritsi da, PPrekin batera emandako prentsaurreko gisa. Beraz, Amaia Agirre alkatea gezurretan ari da "alderdi guztiekin negoziatu" dutela esan duenean, ez baitira inoiz koalizio soberanistak egindako proposamenak negoziatzen hasi. EAJk eta PSEk ez dute inolako borondaterik izan EH Bildurekin akordioa lortzeko: hasiera-hasieratik izan duten benetako asmoa PPrekin adostea izan da: antzerkia eta itxurakeria izan da, besterik ez.


Horrela, argi geratzen da Getxok dituen behar nagusiei aurre egingo dieten aurrekontu aurrerakoiak bilatu beharrean, EAJk eta PSEk PP aukeratu dutela bidelagun kontu kontserbadoreak onartzeko. Itun honek ez die aurre egiten Getxok dituen erronkei: etxebizitzarako eskubidea bermatzea, trantsizio ekologikoa, auzoetako inbertsioak edo berdintasun edo euskara zerbitzuak bultzatzea.


Aurrekontuetan ikusi ahal izan dugun bezala, beraz, gero eta nabariagoa da EAJk eta PSEk Getxorako herri eredu bera partekatzen dutela PPrekin.