AKTUALITATEA


| 2025-06-19 13:28:00

Gaur goizean Getxoko Udaltzainek Fadurako zonaldean zeuden pertsonak bertatik kanporatu ditu, Getxoko Udalak prentsa-ohar bidez adierazi duenaren arabera “pertsonen segurtasuna bermatzeko, osasun publikoa babesteko eta ingurune natural bereziki sentikorra zaintzeko” helburuarekin.

EH Bilduk erabaki hau gogor salatu du, desalojoak ez diolako erantzuten pertsona hauen segurtasuna bermatzeari. Adierazi dutenez, pertsona hauek bizitokirik gabe daramate denbora luze eta ez da lehenengo aldia inguru horretatik kanporatuak izaten direna. Bizitoki alternatibarik gabe, leku batetik bestera mugitzeko aukera baino ez daukate, leku ez-duin batetik bestera. Horregatik, orain arte egondako tokitik kanporatzeak ez die pertsona hauei segurtasuna bermatzen, beste toki prekario batera mugituko baitira, edo berriro bueltatu lehengora, eta segurtasun-ezak berdin jarraituko du. Pertsonen segurtasuna bermatzea oinarrizko beharrak asetzetik dator, eta hori ezinbestean administrazio publikoen baliabideen eskutik etorri behar da.

Era berean, koalizioak salatu du Alkateak Uribe Kostako Mankomunitatearen gain irudikatu nahi duen inplikazio falta. “Orain arte Mankomunitatetik eta Getxoko Gizarte Zerbitzuetatik isilpeko lan mardula egiten aritu da gure herrian eta eskualdearen parte batean daukagun egoerari aterabide posibleak bilatzeko, eskualdeko hirugarren sektoreko elkarte eta herritar bolondresekin batera. Horregatik, Alkatetzatik datorren erabaki hau orain arte egiten ari den lanaren eta ibilbidearen kontra doa.”

EH Bilduren esanetan, desalojo honek ez dio erantzunik ematen herrian eta eskualdean daukagun errealitateari; are gehiago, desalojo hau egiteak inolako alternatiba zuzenik proposatu gabe, pertsona hauen egoera are eta gehiago okertzen du. EAJ txarto eta berandu heltzen da egoera honetara eta beste erakundeen bizkar utzi nahi ditu ardurak, haiek inolako inplikazio eta parte hartzerik eduki gabe.

EH Bilduk uste du migrazioarena gai konplexua dela eta gure egungo tokiko egiturak ez daudela baliabide nahikoekin hornituta. Horregatik diote, erakunde ezberdinen arteko lankidetza beharrezkoa dela, udaletatik hasi eta Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzara helduta. “Bide horri heldu diogu aspaldi eta horretan berresten gara. Lanean jarraituko dugu pertsona guztien eskubideak bermatzeko.”