Metro Bilbaok, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren jabetzakoa den eta Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatzen duen izaera publikoko enpresak, Metro Bilbaoren instalazioak eta material mugikorra zaintzeko zerbitzuaren lizitazio eta kontratazio prozesua egin du. Zehazki, 2. lotea (Lutxana eta Plentzia artekoa) I-SEC AVIATION SECURITY, S.L. enpresari esleitu zaio.
I-SEC AVIATION SEGURITY SL segurtasun-enpresa Nazioarteko ICTSren filiala da; 1982an sortu zuten Shin Bet Israelgo inteligentzia-zerbitzuko kideek eta Israelgo El Al airelinea nagusiko segurtasun-arloko zuzendari ohiek.
Mundu osoaren begien aurrean Israel genozidio bat egiten ari da Palestinar herriaren aurka. Hilabeteak aurrera doaz eta Israelek zuzenean eraildako palestinarren kopurua 50.000-ra heldu da, kontuan izan gabe goseteak, gaixotasunek, osasun-arreta faltak, eta abarrek eragindako hildakoak. Israel Palestinako azpiegitura eta zerbitzu oro suntsitzen ari da, etxebizitzak, eskolak eta ospitaleak barne. Eta azken egunotan irakurri ahal izan dugu ofentsiba berri bat prestatzen ari dela. Honen aurrean, palestinar herritarrak euren lurra uztera behartuak izaten ari dira, ezein leku segurua ez den arren. Erasoaldi basati hau hasieratik izan zen onartezina, baina inoiz ikusi ez dugun sarraski mailara heldu da aspaldi eta honekin bukatzeko asmorik ez da aurreikusten.
Euskal Herriak ezin du inpartziala izan, eta are gutxiago genozidio bat egiten ari den herrialde baten alde lerrokatu edota edozein motako harreman izan. Uste dugu euskal erakundeek jarrera irmoa izan behar dutela Israel herri palestinarraren aurka egiten ari den genozidioaren aurka.
Onartezina da kontrolean, errepresioan eta eskubideen urraketan oinarritutako segurtasun-teknikak gure lurraldera ekarri nahi dituzten enpresak diru publikoarekin kontratatzea eta finantzatzea. Onartezina da teknika horiek diseinatu zituztenak eta gaur egun Palestinako lurraldean oraindik aplikatzen dituztenak gure lurraldeko espazio publikoen segurtasuna zaintzen dutenak izatea.
Palestinako herriaren aurkako genozidio egoeraren aurrean, beharrezkoa da izaera politiko eta instituzionaleko neurriak hartzea, Israelek nazioarteko legezkotasuna eta ordena, nazioarteko erakundeak eta haien ordezkariak errespeta ditzan.
Metro Bilbaok hartuko duen Israelgo enpresa honek metro ibilbidean gauden Uribe Kostako herrietan emango du zerbitzua, zehazki Lutxanatik Plentziara arteko herrietan. Horregatik, gure herrian izango duen presentziagatik, EH Bilduk mozioak aurkeztuko ditu Uribe Kostako herri guztietan, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Eusko Jaurlaritzari honakoa eskatuz:
1. Palestinar herriari elkartasuna adierazi eta palestinarren aurkako indarkeria eta genozidioa berehala eten dadin eskatzen dugu.
2. Metro Bilbaori eta gainerako erakunde publikoei proposamen honetan jasotako balioak helarazteko eta, ondorioz, I-SEC AVIATION SEGURITY SL enpresarekin duten kontratu-harremana eteteko eskatzen diegu.