AKTUALITATEA


| 2025-05-21 18:59:00

Getxok 77.759 biztanle ditu, Bizkaiko handienetakoa. Udalerri handia, anitza eta kulturalki aktiboa. Hala ere, deigarria iruditzen zaigu, gaur egun, Getxon ez egotea berariaz euskara sustatzeko, bultzatzeko eta ikusarazteko udal espazio propio eta duinik.

 

Gaur egun, Bizarra Lepoan edo Egizu bezalako elkarteak, Getxon euskararen alde etengabe lan egiten dutenak, Martikoenako udal eraikinean daude. Han Hiruka hedabidearekin partekatzen dute espazioa, eta espazio falta horrek jarduerak bertan ezin garatzea ekartzen du.

 

Algortako erdigunean dagoen Tangora Etxea udal eraikina erabilerarik gabe dago gaur egun. Potentziala duen eraikina da, ondo kokatua eta gure herrian euskararen alde lan egiten duten pertsona eta eragile guztien topagune eta erreferentzia izateko guztiz gaitua.

 

Elkarte hauek Tangora Etxera Algortako bihotzera eramateak, egungo espazio arazoa konpontzeaz gain, euskarari getxoztarren egunerokotasunean merezi duen zentralitatea eta ikusgarritasuna emango liokeela uste dugu. Izan ere, euskarak ez du soilik borondate politikoa behar, espazio errealak, baliabide egokiak eta apustu instituzional argia ere behar ditu.

 

Horregatik guztiagatik, EH Bildutik proposamen zehatz hau aurkezten dugu gaur: Tangora Etxea Getxoko “Euskararen Etxea” bihurtzea.

 

Eraikin horretan, besteak beste, honako hauek egin ahal izango dira:

Gaur egun herrian euskararen alde lanean ari diren elkarteen egoitzak.

Erabilera anitzeko gunea, hitzaldiak, kultur jarduerak, belaunaldien arteko topaketak, prestakuntza tailerrak egiteko.

Informazio eta dinamizazio linguistikorako gune bat, herritarren zerbitzura.

 

Horregatik guztiagatik, Udalbatzari eskatzen diogu honako hauek onar ditzala:

 

Tangora Etxea eraikina Getxoko “Euskararen Etxea” sortzeko erabiltzea.

 

Parte hartze prozesu bat abiatzea, herrian euskalgintzan diharduten elkarte eta eragileekin batera, erabilera, espazioaren banaketa eta proiektuaren helburuak modu bateratuan definitzeko.

 

Proiektua ahalik eta epe laburrenean martxan jartzeko behar diren baliabide tekniko eta aurrekontu-baliabideez hornitzea.