Getxoko Udalak EH Bildu zigortzea erabaki du, 2024ko azaroaren 29an, Palestinar Herriarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Egunean, egindako ekintza artistiko batengatik. Egun horretan, EH Bilduk ekimen herritar baten bidez, Palestinako banderaren irudia marraztu zuen Algortako Villamonteko eskaileretan. Muralaren helburua herri palestinarrak pairatzen duen genozidioa salatzea eta Palestinari babesa ematea zen, modu artistiko batean. Udal zerbitzuek horma-irudia egin eta hiru egunera ezabatu zuten.
Sei hilabete geroago, EAJren eta PSEren Gobernu Taldeak EH Bilduri zigor ekonomikoa ezartzea erabaki du ekimen honengatik. EH Bilduk salatu duenez, Udalaren erabakiaren helburua "Palestinako herriarekiko elkartasuna kriminalizatzea eta Palestinarekiko babes adierazpenak zigortzea da". EH Bilduk gogorarazi du Udala ez dela gai izan Gazan eta Zisjordanian bizi den egoerari inolako elkartasunik adierazteko: "Are gehiago, azken urtean, genozidio bat zuzenean ikusten ari garen bitartean, EAJren eta PSEren Gobernu Taldeak ildo honetatik EH Bilduk aurkeztutako proposamen guztiak baztertu ditu". Horren adibide dira, besteak beste, EH Bilduk aurkeztutako mozioa, bozeramaile batzordea batzeko eskaerari uko egitea, edo 2025eko udal aurrekontuetan Palestinari laguntza humanitarioa bideratzeko emendakinari kontra bozkatzea. Ez dugu ulertzen Getxoko Udalak Palestinarekiko hartu duen jarrera ezezkor hau, beste herri batzuetan alderdien arteko adostasunak lortu direnean, edo nazioarteko beste gatazka batzuen aurrean, Ukrainako gerra kasu, Getxoko Udalak berak bultzatutako kontzentrazioak deitu direnean gerra gaitzesteko eta Ukrainako herriari elkartasuna adierazteko.
Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren kasuan, ostera, Gobernu Taldea, elkartasuna adierazi beharrean, prest dago Palestinaren aldeko aldarriak zigortzeko, azken urtean 50.000 hildako eta milaka desplazatu egon diren arren. EH Bilduk deitoratu du Getxoko Udalak oso modu nabarmenean egin duela eskuinera, EAJren eta PSEren gobernuaren eta PPren arteko akordioen ondorioz. Izan ere, Getxoko PPk, publikoki eta batzordean eskatu zuen EH Bildu zigortzea ekintza horrengatik, eta udal bilkuretan ukatu izan du palestinarrak hiltzen ari direnik Gazan Israelen erasoen ondorioz.
Zigorrak ezarri eta elkartasuna kriminalizatu arren, EH Bilduk irmo adierazi du: "Ez diogu Palestinari buruz hitz egiteari utziko, Palestinako herriari gure babesa ematen jarraituko dugu eta Israelgo gobernua egiten ari den genozidioa salatzen jarraituko dugu". Era berean, datorren maiatzaren 28an, 20:00etan, elkarretaratzea egiteko deia egin die herritarrei, murala egin zen eskaileretan bertan. Palestina askatu, genozidioa gelditu!