AKTUALITATEA


| 2022-09-30 11:09:00

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkezten dio Getxoko Udal Gobernuaren Hirigintza Antolamendurako Plangintza Orokorraren (HAPO) proiektuari. EH Bilduk ez du bat egiten plan honek izan duen onarpen-prozesuarekin, ezta bere edukiarekin ere.

 

Prozesuari dagokionez, EH Bilduren iritziz prozesu hau guztia herritarrei bizkar emanez gauzatu da. HAPO 13 urteko atzerapenarekin heldu da, baina zoritxarrez, horren arrazoia ez da getxoztarron artean parte-hartzea sustatu nahi izan delako. Guztiz kontrakoa da: 2014. urtetik plan honek ez du inolako parte-hartzerik izan, hau da, zortzi urtetan herritarrek ez dute plan honen nondik norakoen inguruan iritzirik emateko aukerarik izan.

 

Badakigu legeak ez duela behartzen horretarako; baina egia ere bada legeak Udal Gobernuari ahalbidetzen diola plan honen hasierako onarpena baino lehen parte-hartze ariketak egitea. Salsiduko auzokideekin gertatu dena oso argigarria da: bizilagun batzuen etxebizitzak botatzea aurreikusten da, baina auzokideek ez dakite ezer Udalaren asmoez. Azken urteetan igogailuak jarri dituzte euren eraikinetan, fatxadak konpondu, teilatuak, irisgarritasuna hobetu... jakin barik urte batzuen buruan euren eraikinak eraisteko arriskua badagoela.

 

Badago beste modu batera egiterik. Hasierako onarpena eman baino lehen auzokideen iritzia entzun daiteke, euren kezkak jaso, eurekin batera planteamenduak egin. Eurekin adostu, eta horren ostean plan honen zirriborroa egin. Borondatea besterik ez da behar horretarako.

 

Udal Gobernuak adierazi duenez, orain helduko da herritarren parte-hartzerako txanda, hau da, alegazioen tartea irekitzen denean. Baina hor ere ez da benetako borondaterik egon jendeari patxadaz plan honen eragina aztertzen uzteko. Askotan esan dugu dokumentu konplexua dela, zaila dela plan honen albo eta ertz guztiak azaltzea; bada, utz diezaiegun herritarrei denbora nahikoa dokumentazioa aztertzeko eta euren alegazioak prestatzeko. Hemen ere, borondate gutxi.

 

Eta noski, Udal Gobernuak nahiko balu, kontuan hartuta zer nolako garrantzia duen plan honek, herri-kontsulta bat antolatu ahal izango luke gai honen inguruan, HAPOk gure herriaren etorkizuna baldintzatuko duelako. Kasu honetan ere, ez dago inolako borondaterik. Udala legeak ezartzen duen gutxiengora mugatuko da, besterik ez.

 

Edukiari dagokionez ere, EH Bilduk ez du bat egiten plan honetan zehazten den herri-ereduarekin. Errezeta zaharrak aplikatzen jarraitzen dira, eraikuntza masiboan oinarritzen direnak, espekulatzaileen interesei mesede egiten dietenak, getxoztarren ongizatea hobetuko ez dutenak:

 

- Plan hau eraikuntza eta interes inmobiliarioetan oinarritzen da, hau da, promozio urbanistiko berriak zehazten ditu, besterik ez. Horren adibide dira Tosu, Muru, Peña Santa Marina, Dilizgoikoa, Zubileta, Dendariena...

 

- Ez da inolako proposamenik egiten Areeta edo Erromoko erdiguneetan, plan honetatik kanpo geratuko dira erabat. Algortan lur azpiko beste aparkaleku bat proiektatzen da, eta etxebizitza libreen eraikuntza hainbat sektoretan, adibidez, Algortako batzokian. Baina auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko neurririk ez da proposatzen: metroaren ibilbidea lurperatzea, oinezkoen gune berriak sortzea, dendari txikiak laguntzea, auzo-bizitza mantentzea eta abar.

 

- Ez da alokairu sozialaren aldeko apustu irmorik egiten. Alokairu soziala ez da plan honen lehentasuna. Etxebizitza babestu gehienak erdigunetik urrun eramaten dira, herriguneetan etxebizitza libreak eraikitzen diren bitartean.

 

- Ez da nahikoa babesten gure herriko ondare historikoa, eta interes espekulatiboen menpe geratzen dira gure herriko baserri ugari, jauregiak babesten diren bitartean. Eusko Jaurlaritzak babeserako proposatzen dituen hainbat eraikin ondarearen katalogotik kanpo uzten dute.

 

- Gure inguru naturala txikitzen du. Getxori geratzen zaizkion azken berdeguneekin amaitzen du, babestu beharrean. Mimenagako padura ekologikoki berreskuratu ditzake, Bolueko egoera hobetzeko urratsak eman eta abar. Baina hori ez da plan honen lehentasuna.

 

Honegatik guztiagatik, EH Bildu Getxok osoko zuzenketa aurkezten dio Udal Gobernuak egindako HAPOaren proposamenari. Plana atzera botatzea eskatzen dio eta getxoztarron artean benetako parte-hartzea bultzatuko duen prozesua egin dezala proposatzen dio.