«Herri honen ongizatea bermatzeko neurriak proposatuko ditugu laster eta zerga sistemari buruzko eztabaida ere egin behar da»


2022-09-05

Egungo testuingurua
Hau konpondu daiteke eta beste era batera egin, esperantzaren mezua zabaldu behar da, euskaldunok oso egoera larriak bizi izan ditugu eta aurrera egin izan dugu beti. Horregatik amankomunean lanean jarri eta etorkizuna gure esku uzteko deia egin behar dugu, ez diot larritasunik kendu nahi egoerari baina argi izan behar dugu gauzak beste era batera eginda eta norabidea aldatuta, gauzak konpondu daitezkeela.

Gerra
Hemen badago aukera bat arma deseskalada bat egiteko. OTANek hemen gailurra egin zuenean gerraren aldeko apustua egin zuen. Badago lehia bat munduko hegemonia eskuratzeko eta horren pean ulertu behar dira mundu osoan ematen diren hainbat gerra eta liskar. Hemen erabaki bat egon da eta hori da gerra luzatzea. Europar eliteek men egiten diote AEBren eta NATOren estrategiari. Zer irabazten dute herritarrek gerra luzatzearekin? Ezer ez. Horrek oso panorama kezkagarrian jarri gaitu

Espainiako Gobernua
Espainiako gobernuaren aurrerapen sozial guztiak babestu ditugu, baina horrek ez du esan nahi gobernuaren neurri guztiekin ados gaudenik.

Neurri estrukturalak
Alokairuen prezioa mugatu behar da gure gazteek ez dutelako aukerarik etxeak alokatzeko, Donostiako adibidea kasu, turistentzat eta dirudunentzat eraikitzen dira herriak orain, eta gazteak ezin dira emantzipatu. Berdin energiarekin. Energiaren sektorea interbenitu behar da. Herritarren giza eskubide guztiak babestu egin behar dira. Jendea babesteko neurri guztiak babestuko ditugu. Honen guztiaren aurrean politika dago eta guri dagokigu hori konpontzea.

Deflaktazioa ez da neurri progresiboa. Neurri paliatiboen garaia bukatzear dago. Neurri estrukturalak behar dira. Ongizatea bermatzeko neurriak proposatuko ditugu laster. Honekin batera, zerga sistemari buruzko eztabaida egin beharra dago. Horregatik herri honi ongizate itun bat martxan jartzea proposatuko diogu.

Herri itunak
Itun asko behar dira hemen, estatu itunak behar ditu Euskal Herriak eta bi baldintza jartzen ditugu: Euskal Herrian trantsizio energetikoa ezin daiteke egin bi multinazionalek dituzten interesen pean, guk lurra jarri eta haiek negozioa egin, eta, bigarrenik jendeak parte hartu behar du, konplize bihurtu behar da eta inplikatu hau aurrera atera ahal izateko.