Pello Otxandiano: “Nafarroak eta Iruñeak demostratzen dute bestelako gobernantza eredu bat posible dela”


2024-01-17

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute, gaur goizean.

HAUTESKUNDEAK

Hauteskundeak apirilean eta apirilaren 21ean izango direla ematen du. Bada ordua despejatzeko hauteskundeen data. Ez dago arrazoirik noiz izango diren ez jakiteko.

Ez dut ezagutzen Pradales. Ez dugu kointziditu ibilbidean. Gogotsu nago ezagutzeko eta harreman bat izateko.

Denbora da analisi bat egiten ari garena, nola dagoen herri hau. Azken 10 urteetan ez dugu jakin etorkizuna prestatzen. Aldaketa handiak datoz, eta ez gaude ondo. Ez dugu gaitasunik izan datozen joeran zeintzuk diren identifikatu eta horien aurrean prestatzeko. Herri txikia gara, eta erronka handiak ditugu. Egoera ez da erraza eta ziurgabetasunak ditugu. Ditugun gaitasunak baliatu eta horiek ondo baliatzea gure indargunea izan daiteke. Posible da jauzi bat ematea, erregenerazioa ematea eta gure gaitasun komunitarioak martxan jartzea.

Gure diagnostikoa ez da katastrofikoa. Inertzia dekadente baten gaudela da. Politika publikoen esparru batzuetan paralisi baten ere gaude. 2008an, energia berriztagarrien plana Jaurlaritzari eskatzeko adostasuna egon zen Legebiltzarrean. 2024an gaude, eta ez dugu oraindik. Ez dugu trantsizio energetikoa prestatzen jakin. Osakidetzan mediku falta dago, eta hori ez da aurreikusi. Ehun produktiboa ere ez dago ondo. Egoera horiek identifikatu zitekeen eta gaitasun batzuk martxan jarri. Kontua ez da lehia bat egitea. Kontua da diagnostiko zorrotza egitea eta horiei aurre egiteko baliabideak jarri.

TRANTSIZIO ENERGETIKOAREN LEGEA

Bihar eta etzi batzen da ponentzia, eta aukera dago Trantsizio energetiko lege on bat onartzeko. Gobernuak ez zuen proiektu ona aurkeztu, baina azken hilabeteetan legea hobetzeko aukera izan dugu. Posible da adostasuna eta aukera daukagu legealdi amaieran gauza on bat uzteko. Alderdi interesak albo batera uzten direnean, honek erakusten du posible dela akordio onak izatea.

OSAKIDETZA

Baliabideak jartzen direla esaten da, baina BPGrekiko gure inbertsioa Europakoen azpitik dago. Beste erkidego batzuekin alderatuz ere azpitik gaude inbertsioan. Gizartea aldatzen ari da, zahartzen ari da, eta gero eta inbertsio handiagoak ere behar dira. Baina nola inbertitzen den ere aztertu behar da, adibidez, lehen arretara zenbat bideratzen den. Datu hori ez da gardena. Osakidetzak baditu beste arazo batzuk: kudeaketa arazoak. Gehiago inbertitzen bada nola gertatzen da gero eta agerikoagoa den zerbitzuaren degradazioa? Badaude egiturazko arazoak Osakidetzan.

Herritarrengan ez dago arazoa. Ezinegon hori mediatizatua dagoela esatea ez da zuzena. Anbulatorioak ixten dira, itxaron zerrendak handitzen ari dira… Eta herritarrek hori ikusi eta pairatzen dute. Herritarrengan errealitatearen pisua ez nuke jarriko.

HEZKUNTZA LEGEA

Denok atera behar dugu hezkuntza legearen tramitazio prozesuarekin irakaspenak atera behar ditugu denok. Azken txanpa ez zen ona izan. Baina prozesuan gauza onak ere egon ziren. Esperimentazio prozesua izan da. Herri akordioak beharko ditugu, eta etorri beharko dira. Lege hau gauza batzuetan iluna bada ere, eskaintzen dituen tresnak baliatu beharko dira. Jauzi bat behar da, eta horretarako gauza asko beharko dira datozen urteetan.

ESTATUS POLITIKOA

Inoiz entzun ez diren adierazpenak entzun ditugu Kongresuan PSOEtik. Joko-zelaia ireki da eta hori baliatu beharko dugu. Datozen urteetan lurraldetasun arazoari heldu beharko diogu. Lurralde auzia irekitzen bada, aukera historiko hori baliatu beharko dugu. Baina etxeko lanak hemen ditugu. Gu Madrilera joan behar gara etxeko lanak eginda eta hemen adostasunak lortuta. Euskal Herrian, EAEn eta Nafarroan,  estatus politikoaren inguruan euskal alderdien artean gutxieneko adostasunak lortzeko momentua dela uste dugu.

ZIKLO ALDAKETA

Azken hilabeteetan EH Bilduren hazkundea ikusi da. Oso erreala da EAJ eta EH bilduren arteko lehia. Gu irabazteko anbizioz aterako gara. Baina hori herritarrek esango dute.

ALIANTZA POLITIKA

Koalizio indar eskluientea gainditu behar da. Iruñeak eta Nafarroak demostratzen du badagoela bestelako gobernantza eredu bat. Baina hemen oraindik statu quo-ari heltzen diote. Horren aurrean, herri honek gobernu inkluienteak eskatzen ditu. Herri hau aurrerakoia da eta herri hau subiranista da. Bi ardatz horiek uztatu behar dira.