AKTUALITATEA

| 2024-11-12

Hautatu gabeko bakardadea, aisialdiko jarduerarik eza, familia-sarerik ez izatearen sentimendua, egunerokoari zaintzarako zailtasunak. Erronka ez da makala. Nafar gizartea zahartzen ari da, eta gora doa nabarmen bakarrik bizi diren adinekoen ehunekoa. Gurutze Gorriaren azken azterlanaren arabera, 65 urtetik gorako bost pertsonatik bat bakarrik bizi da Nafarroan. Hala, ez da harritzekoa tokitik zaintzaren erronkari erantzuteko proiektu eraldatzaileak sortu izana. Gaur hiru mahai gaineratu dituzte EH Bilduko kideek, Nafarroako eskubide sozialen taldeak antolatutako saioan: Sakanako Teknoadina Landalab, Antsoaingo jantoki komunitario iraunkorra eta Zaindu Leitzaldea proiektu komunitarioa.

“Egungo eredu sozioekonomikoak gero eta indibidualizatuagoa den gizartea eragiten ari da, eta eskuraezinak dira askorentzat zaintzeko eta zainduak izateko eskubideak. Horren aurrean, hala ere, hiru esperientziek erakusten dute baietz, beste era batean egin daitekeela eta merezi duela esfortzuak”, azaldu du Jabier Arza parlamentariak. Horregatik, horien jarraipena bermatzeko diru ekarpena egin du EH Bilduk datorren urteko aurrekontuen aurreproiektuan.

Sakanako udalek eta hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek jarri zuten abian iazko apirilean Teknoadina Landalab, elkarrekin adinekoen bakardade ez hautatuari aurre egiteko sare publiko-komunitarioa. “Lan molde berritzailea da, zaintza tradizionala eta teknologiak uztartzen dituelako”, azaldu du Silbia Sesma Etxarriko zinegotzi eta gizarte zerbitzuen lehendakariak. Teknologia berriak baliatuz, Informazio Sistema Integralez hornitu zituzten gizarte zerbitzuak, adinekoengana iristea errazteko eta arrisku egoerak identifikatzeko. Sistema martxan jarrita, hiru hilabetetan bakarrik bizi diren 160 lagunengana iritsi dira eta balorazioak egin dizkiete dituzten beharrak identifikatzeko.

Bideoa

Haiei laguntzeko sarea osatzea izan da hurrengo urratsa. Ahal den guztietan gertuko laguntzaileak izatea lehenetsi da, baina ez dituztenentzat ‘auzozainak’ bermatu ditu proiektuak. Izan ere, ehun biztanle inguruko herriak eta zazpi milakoak hartzen ditu eskualdeak. Hala, adinekoekin zuzeneko harremana duten pertsonak, laguntza-lanak egin ditzaketenak eta Gizarte Zerbitzuei egoera kezkagarrien berri emateko konpromisoa hartu dutenak batu dituzte proiektura: profesionalak (medikuak, erizainak, etxeko arreta-zerbitzua, etab.), zerbitzu eta saltokietakoak (ostalaritza, elikadura, farmazia, etab.) eta bizilagunak. Etorkizunerako adinekoak entzuteko espazioak sortu nahiko lituzkete, baita zaintza eta laguntasun dinamikak eskaini ere.

Ekimen publiko-komunitarioa da, halaber, Zaindu Leitzaldea. Jende askok bere kabuz oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituela ikusita, irabazi asmorik gabeko izen bereko elkartea martxan jarri zuten Leitzaldeko hainbat herritarrek. Hasieratik izan zuen proiektuak Cederna Garalur, LAGA eta Leitzako Udalaren babesa, eta elkarrekin aurkeztu zuten Innova programara. “Herritar talde txiki batek sortu duen proiektu handi bat da, horregatik hasieratik bidegun izatea erabaki zuen Leitzako Udalak”, azaldu du Maider Amantegi Leitzako zinegotzi eta gizarte zerbitzuetako lehendakariak.

Bideoa

Elkarlana eta laguntza sustatuko dituen sarea osatu dute Leitzan eta Areson, eta ez dira gutxi  eskaintzen ari diren zerbitzuak: eguneroko otordua, erosketak egiteko laguntza, etxe garbiketa, zaintza, Iruñera joan etorriak, teknologia berriekin gestioak, etxeko konponketa txikiak eta formazioa. Zerbitzuak erabili nahi dituenak elkarteko bazkide izan beharko du, eta aurten euro bat ordaindu beharko du.

Duela bi urte Antsoaingo Udalak garatu zuen adinekoen diagnostikoaren ondorio da, berriz, jantoki komunitario osasungarri eta iraunkorra. 65 urtetik gorako 1700 pertsonatik gora bizi dira Iruñerriko udalerri honetan, eta hori izan zen gehien eskatu zuten zerbitzuetako bat. “Sinadurak ere biltzeraino”, aitortu du Marta Diez alkateak. Herritarren beharrari erantzuteko, Nafarroan aitzindaria den proiektu pilotua diseinatu eta urriaren hasieran jarri zuten martxan ‘Antsoain, Zaintzen duen Herria’ programaren baitan.

Ostokiko Eguneko Zentroa otorduak eskaintzeko egokitu dute, eta astelehenetik ostiralera eskaintzen ari dira zerbitzua.  “Oso pozik gaude izan duen harrerarekin. 114 eskaera izan genituen, eta aukeraketa irizpide ekitatiboak bermatuz 51 lagun aukeratu genituen. Ostokin 40k bazkaltzen dute eta beste hamaikari etxera eramaten diegu otordua”, azaldu dute lan saioan. Ekimenak elikadura osasungarria eta jasangarria bermatzeaz gain, bakarrik dauden pertsonen sozializazioa erraztea du helburu. Esperientziatik ikasita, hobekuntzak gehituta, zerbitzua iraunkortzeko asmoa du udalak.

Zaintza eskubidea zabaltzeko ekarpenak

Aurrera egiteko aukera bakarra sistema publikoa indartzea dela sinetsita, aurten gizarte eskubideetarako bi milioitik gorako ekarpena egin du EH Bildu talde parlamentarioak Nafarroako 2025ko aurrekontuetan. Gaur kidegoarekin landutako proiektuei bultzada emateaz gain, Nafarroa osoan etxez etxeko arreta-zerbitzuaren plana zabaltzeko eta eguneko zentroen eskaintza zabaltzeko ekarpena ere egin du indar subiranistak. “Defendatzen dugu administrazio publikoek beren gain hartu behar dutela beharrezko politika publikoak diseinatzeko erantzukizuna, hain zuzen ere, baldintza berdinetan zainduak izateko eta zaintzeko eskubidea bermatuko diguten zerbitzuak eta sareak sortzeko eta ezartzeko helburua dutenak”, azaldu du Arza parlamentariak.

Urria amaieran sinatutako aurrekontu akordioak, halaber, gobernuak hartutako zenbait konpromiso ere jasotzen ditu. Besteak beste, adingabeei, adinekoei eta/edo mendekoei zuzeneko arreta emateko zerbitzuen edo programen mapaketa egingo du 2025ean. Horri esker, zerbitzurik gabeko eremuak identifikatu eta desorekak zuzendu ahalko dira. Gainera, egungo egoitza-eredua aldatzeko eta arreta duintzeko plana diseinatuko du datorren urtean gobernuak, eta konpromisoa hartu du bere inplikazioa handitzeko egoitzetako, esku-hartze sozialeko eta desgaitasuneko hitzarmen kolektiboen negoziazio-prozesuetan.