AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-12-05

Igor Zulaika Nazioarteko Harremanetako arduradun eta Gasteizko legebiltzarkideak eta Josu Estarrona senatariak osatutako EH Bilduren ordezkaritza batek Kurdistango Bake eta Demokraziarako Konferentzian parte hartuko du. Konferentzia abenduaren 6an eta 7an egingo da, Istanbulen. Zulaikak, zehazki, nazioarteko esperientziei buruzko mahai-inguru batean parte hartuko du, Pere Aragones Kataluniako presidente ohiarekin eta Declan Kearney Irlandako Sinn Feineko idazkari nazionalarekin batera. Gatazkaren konponbiderako euskal eredua azalduko die Zulaikak Nazioarteko Konferentziara bertaratuko direnei.

Zulaikak nabarmendu duenez, DEM alderdiak (lehengo HDP) antolatutako Nazioarteko Konferentzia hau “une giltzarri batean iritsi da”, Turkiako Parlamentuan sortutako eta ideologia oso desberdinetako parlamentariek osatutako batzordea “Kurdistango gatazka politikoa eta Turkiaren demokratizazioa konpontzeko ideien bila” lanean hasi denean egingo da Konferentzia.

Joan den uztailean, PKK-k armagabetzea abiatu zuen ekitaldian egon zen Zulaika bera nazioarteko lekuko gisa. Azken asteotan, era berean, bi gertaera garrantzitsu izan dira, Turkiako Parlamentuko komiteko ordezkariek Abdullah Öcalan buruzagi kurdua espetxean bisitatu baitute. Era berean, joan den astean Zulaika eta Estarrona Madrilen bildu ziren DEM alderdiko diputatu eta Turkiako Parlamentuko batzordeko ordezkari Berdan Öztürk-ekin Madrilen antolatutako solasaldian.