AKTUALITATEA

| 2020-06-30

Maddalen Iriartek, Jasone Agirre, Nerea Kortajarena, Julen Arzuaga eta Rosa Zarraren alargunarekin batera, gogoan izan du Donostian, “gaur 25 urte Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak Euskal Herriratzeko protestetan Estatu terrorismoaren biktimekiko elkartasuna erakusten ari zenean ertzain baten pilotakada bat jaso ostean hil zen emakumea”. Rosa Zarraren kasua, azaldu du, inpunitatearen beste adibide bat da, ez egia, ez justizia aurkitu ez duen beste eskandalu bat, ezinbestean “konpondu beharreko tragedia bat, babestu nahi dugun familia hondatu bat”. Iluntasunean dauden beste guztiak bezala, EH Bilduk argitara atera nahi du kasu hori. “Gure esku dagoena egingo dugu Rosa Zarra eta Estatuak egindako giza eskubideen urraketa larrien gainerako biktimak duintzeko. Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat. Denentzat. Hori da gure konpromisoa”.

EH Bilduren lehendakarigaiak “zuzenean ukitzen dituzten gertakarien aurrean isilik geratzea” leporatu die “etika lezioak ematen dituztenei”. Bere ustez, Urkullu jokabide horren adibide ona da. “Oso kezkatuta dago diskurtso faxista dakarkigutenen kontrako ustezko eraso batengatik, baina muzin egiten dio bere alderdiaren erantzukizuna bere gain hartzeari, ezin baita ahaztu Estatuko indarkeriaren biktimei elkartasuna agertzen ari zen pertsona bat hil zutela”.

Iriartek salatu duenez, “Urkulluk giza eskubideen urraketak neurtzeko bi balantza erabiltzen ditu. Izan ere, gaur da eguna, bi aste geroago, GALen gerra zikinari buruz ezer esan ez duena; Torturaren Nazioarteko Eguna Legebiltzarraren aginduz ospatu behar zuen ostiralean, eta torturaren biktimak gogoratzeko aukera paregabea izan zuen, baina ez zuen egin, mutu jarraitzen du. Gaur da eguna poliziaren indarkeriaren biktimei buruz ezer esan ez duena, baita polizia autonomikoarena ere, Rosa Zarraren kasuan bezala. Urkullu jauna, giza eskubideen urraketa horiek guztiak salatzeko aukera paregabea galtzen ari zara. Zain jarraitzen dugu, eta zain gauden bitartean, ez etorri inori moralinazko soflamak botatzera, eta are gutxiago guri”.

Iriarteren irudiko, begien bistakoa da biktima guztiekin ez dela neurri bera erabiltzen, “biktima batzuek erakundeen errekonozimendu osoa jasotzen duten bitartean, beste batzuek mespretxua jasotzen dutelako”. Hala gertatu da Rosa Zarraren kasuan, “haren familiak borrokan jarraitu behar baitu erakundeen aldetik errespetuzko tratamendua jasotzeko, inork ez duelako erantzukizunik hartu bere gain, ez penalik, ez diziplinazkorik, baina ezta politikorik ere”.