Unai Urruzunoren adierazpenak:
Erantzukizun politikoagatik, lasterbide bat hartu dela adierazi behar dugu, biderik errazena. Motzena. Eta gaur deitoratu nahi dugu bide horrek aukerak galarazten dizkiola herri honi. Zailtasunak ekarriko dituen ziklo ekonomiko berriak eskatzen digun mailan jartzeko aukerak gutxiesten ditu.
Ziklo ekonomiko berriaren mailan egotea, EH Bilduren ustez, gure administrazioak indartzea da, zerbitzu publikoak eta herritarren ongizatea bermatzeko baliabide nahikoak izatea. Eta, horretarako, ezinbestekoa da nahikotasun ekonomikoa ziurtatzea. Azken batean, erreforma fiskal sakon bat, ez kenkarien zerrenda bat.
Penaz hartu genuen EAJ eta PSE irakurketa horrekin bat ez etortzea, baina are kezkagarriagoa iruditzen zaigu Podemos, duela gutxi EAJkoak Repsolen txakurkumetzat jo zituena, jeltzaleen erreskatera atera eta makulu gisa aritzea. EAJri boteretsuak erreskatatzea leporatzen ziotenak dira gaur egun ezer aldatzen ez duen arau bat erreskatatzea erabaki dutenak.
Gaur argi esan dezakegu hau ez dela erreforma bat, ezta berrikuspena ere, orain arte egin izan denaren puntu eta jarraipena da, eta hori da bere garaian PPrekin hitzartu zena. Gaur inoiz baino gehiago makillaje fiskala da hau.
Une honetan berriro diogu beharrezkoa dela honako bi galdera hauei erantzutea. Orain arte erantzun nahi izan ez diren galderak, EH Bildurentzat, eztabaida fiskalean nuklearrak direnak:
Nola bermatuko da zerbitzu publikoen kalitatea?
Zein da sustatu nahi den gizarte-, ekonomia- eta lehiakortasun-eredua?
Titular handietatik, hitz onetatik eta iragarkietatik haratago, gure ustez, erantzukizunetik, egindako galderei argi eta zintzo ez erantzutearen ondorioaz ohartaraztea dagokigu. Galdera horien erantzuna ez da EH Bildurentzat izan behar, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi eta lan egiten duten 2,22 milioi herritarrentzat baizik.
Azkenik, atentzioa ematen digu Podemosek orain bere oinarriei kontsultarik ez egitea. Akordio hau hain ona bada euskal herritarrentzat, ez dugu ulertzen uko egite hori.