AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-04-11

Alderdi Popularrak EAEko Udal Legearen hizkuntza ofizialaren erabilera arautzeko 179/2019 dekretuaren (Azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa) aurka jarritako helegiteen ondorioz 18. eta 33.5 artikuluak bertan behera utzi zituen EAEko Auzitegi Nagusiak. 

Jaurlaritzak kasazio-helegitea jarriko zuela esan zuen eta, hedabideen bidez jakin dugunez, epez kanpo aurkeztu du Jaurlaritzak helegitea. Ondorioz, aipatutako artikuluak bertan behera geratzen dira behin betiko. 

Informazio xehe eta ondorio legal zehatzak zeintzuk diren aztertzen ari garen arren, hedabideek azaldu duten bezala geratu baldin bada, oso larria dela iruditzen zaigu. Alde batetik, Jaurlaritza ez delako gai izan hain oinarrizkoa den prozedura administratibo-juridikoa behar den bezala betetzeko; honek zabarkeriaz jokatu dela ondorioztatzera eramaten gaitu. Eta bestetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak babesgabe uzten dituelako, eta Auzitegi Gorenaren erabakiaren gorabehera,euskara ez da normaltasunez lan- eta zerbitzu-hizkuntza izango. Arduragabekeri handia da bai prozedurarekiko eta baita EAE udalerriei begira ere. 

Gainera, gure autogobernuarentzat eta euskararen garapenarentzat hain garrantzitsua eta estrategikoa den EAEko Udal Legeaz ari gara, eta ezein prozedura zorroztasun eta profesionaltasunez egin behar den arren, kasu honetan geratzeak larritasuna areagotzen du. Kontuan izan behar dugu, gainera, oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoaren erdian gaudela, eta gure arkitektura juridikoaren defentsa funtsezkoa dela. Euskararen garapena modu burujabean aurrera eraman eta autogobernuaren ardatzetako bat den EAEko Udal Legea behar den bezala defendatu ez izana oso kezkagarria eta salagarria iruditzen zaigu.  
 
Honen aurrean, Jaurlaritzak Legebiltzarrean bertan azalpenak ematea eskatuko dugu. Hala, idatzizko galdera erroldatu eta maiatzeko lehen kontrol-bilkuran azalpenak eskatuko ditugu. Era berean, egindako akatsa zuzentzeko neurriak hartu behar dituela ere uste dugu.

Euskararen garapenak, orain inoiz baino gehiago, segurtasun juridikoa eta babesa behar du, eta Jaurlaritzak ez du egoerak behar duen ardura erakutsi. EH Bilduk berriz ere berresten du hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa eta Udal Legea defendatzeko gure arkitektura juridikoan behar diren aldaketa eta hobekuntzak egiteko konpromisoa. Enplegu Publikoaren lege-aldaketa izan daiteke lehen geltokia, eta gainontzeko alderdiei berriro ere eskua luzatzen diegu behar diren erreformak aurrera eramateko. Gehiengoak badaude Legebiltzarrean, erreformak bideragarriak dira juridikoki eta erabakimena da falta den bakarra.