Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Bizkaia Irratian elkarrizketatu dute, Eusko Jaurlaritzako 2026ko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuako diotela iragarri ostean. Otxandianoren esanetan, negoziaketarako eta etxebizitza arloan anbizioz jokatzeko borondate faltaren ondorio da erabakia. «Gobernuak ez du borondaterik izan aurrekontuak EH Bildurekin negoziatzeko. Guk etxebizitzarekin lotutako proposamena egin dugu: etxebizitza publikoen promoziorako 1.000 milioiko inbertsio publikoa bideratzea. Erantzun zaigu horrelakorik ezetz. Negoziatzeko borondaterik ez dagoenean, ez dago denbora galtzerik», baieztatu du.
Datorren ostiralean, Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeierren bisita historikoa izango da Gernikan, 1937ko apirilean, altxamendu frankistaren erdian, Gernikako bonbardaketa naziak eragindako bidegabekeriarengatik barkamena eskatzeko xedez. Honen inguruan galdetuta, «memoriari egingo zaion keinua garrantzitsua eta ongietorria» dela esan du EH Bilduko bozeramaileak. «Herri hau bere nortasuna defendatzeagatik bonbardatu zuten. Errestaurazio borbonikoa Francoren eskutik etorri zen. Francok Gernika bonbardatu ez balu, Felipe borboikoa gaur ez litzateke Espainiako erregea izango. Arrazoi gehiago dauka barkamena eskatzeko Alemaniako presidenteak baino».
Bukatzeko, Eneko Andueza PSEko buruak egindako adierazpenen harira, Otxandianok irmo erantzun du: «guk oso argi daukagu bloke autoritarioaren aurrean, non kokatzen garen, zer dugun jokoan eta nor dugun bidaide. Tristea eta larria da batzuk epe laburreko interesen peskizan ibiltzea. PPk bihar bertan gobernua osatuko du Voxekin. Agenda erreakzionarioa partekatzen dute».