Gernikako herria 1937an bonbardatu zuen Condor Legio alemanak, erregimen frankistarekin bat eginez eta Francisco Francoren oniritziarekin. Duela berrogeita hamar urte bere ohean hil zen diktadorea, dena “lotuta eta ondo lotuta” utzi ondoren. Bonbardaketa haren zauriek —azken helburua euskal herria umiliatzea eta haren bihotz sinbolikoari eraso egitea zen— oraindik ere zabalik diraute. Testuinguru horretan, Frank-Walter Alemaniako Errepublika Federaleko presidentea Gernikan izango da bihar, biktimak omentzeko asmoz.
Alemaniako presidentearen keinua ospatzen dugu, norabide egokian emandako urratsa delako eta bonbardaketaren biktimekiko gertutasun adierazpen hauek ongi etorriak direlako gure herrian. Era berean, uste dugu Espainiako Estatuak ez duela bere gain hartzen Gernikako bonbardaketari dagokion erantzukizuna, eta bereziki mingarria da Felipe Borboikoa bihar egingo den ekitaldian egotea. Gernika bonbardatu zutenek erregimen frankista eraikitzen lagundu zuten, eta honek, aldi berean, Felipe VI.a erregea oinordeko duen borboitar monarkia berrezarri zuen.
Erantzukizunak hartzea eta barkamena Espainiako Estatuak oraindik egiteke duen ariketa da, bere ardurak ezkutatu nahi baititu. Felipe VI.a erregeak Gernikako herriari barkamena eskatzeko aukera du; hori ez egiteak Francok berrezarritako Estatu baten buru gisa dituen arduretatik ihes egiten jarraitzea suposatzen du.