EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Hernanin, Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuaren eta Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikorako idazkariaren parte-hartzearekin. Bi ordezkariek egungo testuinguru politikoari buruzko gogoeta egin dute, eta autoritarismoaren aurrean inteligentzia kolektiboa, antolakuntza eta herritarren mobilizazioa indartzeko beharra nabarmendu dute.
Oihana Etxebarrietak inteligentzia kolektiboaren balioa jarri du erdigunean, adimen artifizialaren inguruko eztabaida gero eta presenteago dagoen garai honetan. «Adimen artifizialaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, inteligentzia kolektiboa indartzeko ardura daukagu», adierazi du.
Ildo horretan, Etxebarrietak azpimarratu du EH Bilduk elkarlanean eta konpromisoz jarduten duela, herria alderdiaren gainetik jarrita: «Autoritarismoaren aurrean, guk inteligentzia eta antolakuntza kolektiboa. Eta demostratu dugu, Madrilgo gure taldeekin, adimen kolektibo hori martxan jarriz egiten dugula lan guk EH Bildun, zintzotasunez, konpromisoz, lan eskerga eginez, elkarlanean, herria alderdiaren gainetik jarriz».
Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuaren hitzetan, «indibidualismoaren aurrean, komunitatea; etsipenaren aurrean, antolakuntza; arazo konplexuen aurrean, soluzio kolektiboak eraikitzeko gaitasuna» dira EH Bilduren jardunaren oinarrietako batzuk. Horiek ez direla berezko ezaugarriak nabarmendu du, «urte luzez ereindako kultura politiko baten ondorio» baizik, eta, horregatik, kultura horri eusteko beharra aldarrikatu du.
Etxebarrietak Gipuzkoak Euskal Herriko balantza inklinatzeko duen gaitasuna ere aipatu du, eta une historiko honetan gaitasun hori erantzukizun bihurtzen dela esan du. «Inkestak inkesta, gu ez gara konfiatzen, lan eskerga egingo dugu aste hauetan kanpainan bai, baina egunero egiten dugun herrigintzan ere bai», adierazi du.
Era berean, eskubideen, askatasunen eta demokraziaren etorkizuna jokoan daudenean, jarrera argia hartzeko beharra azpimarratu du: «Une historiko honetan, ez dago ekidistantziarentzat lekurik. Eskubideak, askatasunak eta demokraziaren etorkizuna jokoan daudenean, historiaren zein aldetan kokatzen garen erabakitzeko eta adierazteko unea da. Lerratzeko momentua da».
Bestalde, Arkaitz Rodriguezek EH Bilduren jarrera berretsi du datozen egunetako eztabaida politiko eta mobilizazioei begira. «EH Bilduk garbi dauka non egongo den, bai dekretuen bozketan, bai greba egunean: jendearen alboan, gehiengo sozialen alboan», adierazi du.
Rodriguezek mezu berezia helarazi die EH Bilduren proposamen guztiekin bat ez etorri arren egungo egoerak batasuna eta elkarlana eskatzen dituela uste duten herritarrei. Era berean, Bilbon astelehenean izandako istiluek kezka eta haserrea eragin dietenei zuzendu zaie, eta erantzun antifaxista eraginkorrena mobilizazio baketsua, demokratikoa eta transbertsala dela defendatu du.
Azkenik, Rodriguezek Bilboko kaleak mobilizazio jendetsu batekin betetzeko deia egin du, Euskal Herriari mehatxu egiten dioten jarrerei erantzun kolektiboa emateko. «Mezu baketsu, demokratiko bezain irmoa helarazi behar diegu: askoz gehiago gara, indartsuagoak gara, elkarrekin gaude eta Euskal Herritik ez zarete pasako», amaitu du.