AKTUALITATEA

| 2026-11-02

EH Bilduk lehenengo irakurketa politikoa egin du gaur Legebiltzarrean Jaurlaritzak pasa den astean aurkeztu zuen 2027ko aurrekontu-proiektuari buruz. Pello Otxandianoren iritziz, aurrekontua ez da behar bezain anbiziotsua, eta anbizio falta horrek etxebizitza arloko politiketan eragingo du bereziki, hain justu etxebizitza larrialdi betean gaudenean. Deigarria da Etxebizitza Sailaren aurrekontua 502 milioitik 504 milioira pasatzea, %0,39ko ‘igoera’ bat. Kontuan hartuta etxebizitza larrialdian gaudela eta Jaurlaritza etxebizitza publikoetan inbertsio handia egin beharra aitortzen ari dela, zaila da ulertzen arlo horretako aurrekontua ez igotzea, 2027rako aurtengo aurrekontu berbera planteatzea.

EH Bilduko bozeramaileak diru-sarreren inguruko debatea ere ipini du mahai gainean. Azaldu duenez, aurten diru-bilketa %2,1 soilik igo da, eta horrek inpaktu zuzena du Jaurlaritzaren aurrekontuetan, “gastu beharrak diru-sarreren gainetik hazten ari direlako”. Alde horretatik, Otxandianok ikuspegi estrategikoa eskatu du, diru-sarrerak eta gastu beharrak orekatzeari begira, eboluzio soziodemografikoa kontuan hartuta, datozen urteotan gastu beharrak nabarmen handituko direlako osasun eta gizarte zerbitzuetan eta hezkuntzan, adibidez, eta horrek diru-sarrerak errealitate berri horretara egokitzea eskatzen du nahitaez.

“Hori da gelaren erdian dagoen elefantea, baina EAJk eta PSEk ez dute horretaz hitz egin nahi. Hazkunde ekonomikoa handia ez bada, eta ez da hori aurreikusten dena, nola egingo diogu aurre aldaketa soziodemografikoari? Nola egingo diegu aurre gero eta handiagoak izango diren gastu premiei? Gastu premiak gero eta gehiago dira, baina aurrekontuak ez datoz bat, ez dira neurri berean igotzen. Larria da horri erantzun sendo bat ez ematea”. Izan ere, diru-sarrerak nahiko ez badira, ondorioa argia da: ezinezkoa izango da zerbitzu publikoen kalitateari eustea, eta Otxandianok ohartarazi duenez, “konponbidea ez da murrizketak egitea, hori ez da aukera bat”.