AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-11-09

EH Bildu pozik egoteko moduan da gaur PSOE eta Juntsen artean sinatutako akordioarekin ezagutu den berri onarekin; izan ere, EH Bilduk hauteskunde kanpainan zein uztailaren 23ko gauetik aurrera defendatzen duen agertoki politikoa lortzea errealitate bihurtu da.

Horrek berresten du elkarrizketa eta negoziazioa direla akordio politikoak lortzeko funtsezko tresnak, eta kasu honetan Kataluniarentzat onak diren akordioak Euskal Herriarentzat ere onak direla.

Positibotzat jotzen dugu, beraz, inbestidurarako ez ezik, nazioen agenda politikoak markatuko duen legealdirako atea ireki delako eta lurralde eztabaidari ekiteko bideak ezarri direlako. Bizi dugun egoera politiko garrantzitsu honetan ekidistantziarekin jolastea ez da aukera bat edozein alderdi politikorentzat. Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Galizaren nazio aitortzaren bidean sakontzeko aukera ireki da gaur, eta aukera leiho hori baldintzatzeko eskuinaren eta ultraeskuinaren asmoei atea itxi zaie.