Osasun Itunerako Mahaian hartutako konpromisoari jarraituz, EH Bilduk bere ekarpenak helarazi dizkio Jaurlaritzari, Osasun Sistema Publikoaren egoerari buruz Alberto Martinez sailburuak egindako hasierako diagnostikoa osatzeko. Nerea Kortajarena bozeramaileak eta Rebeka Ubera legebiltzarkideak aurkeztu dute Osakidetzako langileekin eta sektoreko eragileekin batera, elkarlanean, EH Bilduk landutako diagnostikoa. 150 orri baino gehiagoko dokumentu mardula da, ezker subiranistak egiten duen oposizio proaktibo eta eraikitzailearen adibide argia, Kortajarenak azpimarratu duenez. «Askotan galdetu zaigu egingo dugun oposizio motaren inguruan, eta hemen dago emaitza; gurea momentuaren kargu egiten den oposizioa da, herritarren behar eta kezkei erantzuten diena».
Kortajarenak eta Uberak aurkeztutako diagnostikoak «erantzun beharreko bi galdera nagusiak jasotzen ditu: zein den Osasun Sistema Publikoaren egungo egoera eta nola iritsi garen egoera honetara». Erantzuna, Uberarentzat, argi da: «Pasa den legealdian ez bezala, gaur inork ez du ukatzen Osakidetzan arazo bat dugula eta gainbehera agerikoa dela. Aski da ikustea herritarren kezka inkesta guztien arabera, langileen mobilizazioak edota hainbat tokitan sortu diren osasun publikoaren aldeko herri plataformak. Azken urteotan ahuldu egin den osasun sistema publikoa dugu; hori da gaur dugun egoera, eta gainbehera horren kausa nagusiak Pertsonal arloko politika eta gobernantza eredua dira, nagusiki. Egin dugun diagnostikoaren atal ezberdinetan ikus daiteke zer nolako pisua eta eragina duten bi eremu horietan egiten diren politikek sistemaren funtzionamenduan eta emaitzetan».
Ekintza politikoak, interes orokorra eta herri ikuspegi izan behar dituzte ardatz nagusi eta horri erantzuten dio gure oposizio ereduak.
— EH Bildu (@ehbildu) October 1, 2024
Gaur EH Bilduk proposamen honekin erakusten du berriz ere Osakidetzaren gainbeheraren aurrean soluzio agente dela.
🔗 https://t.co/qBgbBSx3xZ pic.twitter.com/j0Lgo0du2u
Osakidetzaren egitura eta antolaketa aztertuta, «nabarmena da –Uberaren esanetan– sistemaren bizkar hezurra den Lehen Arretari autonomia eta erabaki ahalmena kendu zaizkiola, Osasun Mentala bigarren mailakoa izan dela Osakidetzarentzat eta desoreka eta ezberdinkeria dagoela herrialdeen artean, baliabideak gehiago edo gutxiago direlako bizilekuaren arabera».
Azaldu duenez, «oro har, diagnostikoan agerian geratzen da zelako eragina duten Osasun Sistema Publikoaren egoeran Pertsonal politikak, gobernantza ereduak eta sare publikoak pribatuarekin duen harremanak; hiru elementu horiek sistemaren atal guztiak zeharkatzen dituzte, elkarren artean eragiten. Eta ikusten da, baita ere, eremu bakoitzean indarrean egon diren eta dauden politikek ondorio kaltegarriak izan dituztela herritarrek jaso beharreko artaren kalitatean. Batez ere, gaixotasuna diagnostikatu eta tratatzeko sistema bat eraiki delako, eta ez osasuna sustatzera bideratutako sistema bat».
IRAKURRI HEMEN DOKUMENTUA BERE OSOTASUNEAN.