AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-03-23

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi batzuekin bildu da gaur goizean Donostiako Miramar Jauregian. Harekin izan dira Joseba Azkarraga, Tontxu Campos, Esther Larrañaga eta Javier Madrazo, Ibarretxeren gobernuetan aritu zirenak, eta Gemma Zabaleta, Lopezenean. Otxandianok bere hautagaitzari adierazi dioten babesa eskertu die eta haiekin batera aztertu ditu «herri honen egungo egoera, hauteskundeen testuingurua eta EH Bilduren inguruan sortzen ari den itxaropena». Lehendakarigaiak, halaber, nabarmendu du «herri hau XXI. mendera iritsi dela posizio eta tradizio politiko ezberdinetatik datorren jendearen ekarpen militantearekin, herri hau sistema instituzionalaren, autoantolaketa komunitarioaren, mobilizazio kolektiboaren eta, azken batean, jende anitzen ekarpen militantearen bidez eraiki baita».

Garai historiko honetara iritsita, Otxandianoren ustez, «herri honek ziklo politiko berri bat ireki behar du, aurrean ditugun erronkak izugarriak direlako; premiaz heldu beharreko agenda soziala behar du, bultzada berri bat behar delako», eta horretarako, EH Bilduren lehendakarigaiak «aldaketarako agenda» baten beharra jarri du mahai gainean, «mende honetan ditugun arazo zehatzei soluzio zehatzak emango dizkieten politika publiko eraginkorrak planteatzeko eta Europako testuinguruan ezarri diren politika publiko kontrastatuak herri honetara ekartzeko». Izan ere, erronka handiei aurre egin beharko zaie datozen urteotan, hala nola «zainketen krisiari, trantsizio energetikoari, euskararen normalizazioari, hezkuntza-sistemari eta abar luze bati».

Horretarako, azpimarratu du Otxandianok, «xede duten gobernuak behar dira, gai izango direnak euskal herritarren agindua jasotzeko, bai burujabetzan, bai politika publiko berdinzaleago eta aurrerakoiagoetan aurrera egiteko; gai izango direnak agindu demokratiko hori herri agenda batera eramateko, erronka horiei aurre egiteko eta epe ertain-luzerako garapena planteatzeko, herri honen itxaropen eta potentzialtasunen araberako eszenatoki batera iritsi ahal izateko». Bere iritziz, «herri proiektu hori guztion artean eraiki behar da, eta, horretarako, funtsezkoa da alderdien arteko lankidetza, baita gizarte zibileko eragile estrategikoekin ere, inork ez baititu erantzun guztiak eta, beraz, lankidetzan aritu behar dugu halabeharrez; lankidetza inoiz baino beharrezkoagoa da».

Ildo beretik, «anbizio nazionala berreskuratzearen» garrantzia aldarrikatu du EH Bilduren lehendakarigaiak. «Herrian badago gure anbizio nazionala berreskuratzeko pultsio bat, eta pultsio hori estatus politikoaren eztabaidara eraman behar da». Datorren legegintzaldian «eztabaida hori behin betiko irekitzea» nahi du berak, «eraldaketa sozial, ekonomiko, politiko eta kultural bati ekiteko palanka bat izango den estatus politiko berri bat behar dugulako». Hori dela eta, legealdiko lehen hiru hilabeteetan autogobernuari buruzko lantalde parlamentarioa berriro martxan jartzeko konpromisoa hartu du. «Gai izan behar dugu Oinarrien eta Printzipioen Akordioa (EH Bilduk, EAJk eta, zati batean, Elkarrekin Podemosek sinatua) artikulatu batera eramateko eta Madrilen bat eginda aurkezteko, Estatuan ireki den testuingurua aprobetxatzeko asmoz, herri honek estatus politiko berri bat lortzeko aukera izan dezan, nazio gisa aitortuko duena eta XXI. mende honetan behar ditugun politikak egin ahal izateko beharrezkoak diren tresna politiko eta juridikoez hornituko duena».