Pello Otxandiano bozeramaileak itzalaldi elektrikoa eta trantsizio energetikoa izan ditu hizpide, besteak beste, ETB1eko 'Egun On' saioko elkarrizketan. «Zuhurrak izan behar gara itzalaldiarekin eta arazo teknikoak zeintzuk diren jakin. Beti ere, herri gisa zeinen zaurgarriak garen ikusi dugu, trantsizio energetikoaren gaian ez ditugu etxeko lanak egin», adierazi du sistema iberikoak jasandako itzalaldi elektrikoa baloratzerakoan.
Trantsizio energetikoari heldu beharra nabarmendu du Otxandianok zentzu horretan: «EAEn ez daukagu energia berriztagarrien hedapenerako lurralde plangintzarik. Gure kontsumo energetikoaren ardura gure gain hartu behar dugu. Etorkizunari heldu eta 2050ean nola egon nahi dugun erabaki dezagun». «Energia berriztagarrien proiektuekin kontrol publiko zorrotza egon behar da. Erabaki behar da non eta nola jarriko diren azpiegitura horiek. Parte-hartze publikoa ere bermatuz eta garatu beharreko trantsizioaren inguruan akordio soziala bultzatuz», gaineratu du.
Bai Europan eta baita Hego Euskal Herrian armagintza industria sustatzeko korronteari helduz, irmoki baztertu du bozeramaileak industria militarraren aldeko narratiba. «Armagintzaren sustatzearekin ez gaude inolaz ere ados. Armak erabiltzeko edo saltzeko sortzen dira. Industria militarraren aldeko hautua Europako Batasunaren burujabetza estrategikoaren aurka doa», esan du.
Bukatzeko, estatuz politikoaren ildora, Otxandianok lan ixilaren alde egin du, «estatus politikoaren eztabaidak eskatzen duena da zarata gutxi eta lan asko. Aukera leiho baten aurrean gaude eta nazio aitortzari, burujabetza mailari eta erabakitze eskubideari formulazioa bilatu behar zaio».