Pello Otxandianoren adierazpenak
Gaur gure herriaren zati hau instituzionalizatzeko prozesuaren une historiko bat gogoratzen dugu, Eusko Legebiltzarra martxan jarri zeneko 45. urteurrenarekin bat eginez.
Lehenik eta behin, herriaren zati batez ari garela nabarmendu nahi dugu. Herri honek zazpi lurralde historiko ditu, eta instituzionalizazio prozesua askotarikoa izan da, erritmo desberdinetan aurrera eginez. Herriaren zati hau osatzen duten hiru lurralde historikoei dagokienez, gaur egun funtsezko mugarri bat gogoratzen dugu: Legebiltzarra 1980an martxan jarri izana. Beraz, hiru herrialdeen garapen instituzionalerako une garrantzitsua da.
Herriaren zati hau XXI. mendeko ziklo berri honetara bizirik iritsi da, aldatzen ari den mundu honetan zalantzaz betetako aldi honetan. Hori posible izan da emakume eta gizon askoren konpromisoari esker, herria hau hainbat modutan eraikitzen lagundu baitute. Erakunde sistemaren ekintza funtsezkoa izan da prozesu honetan, baina baita hainbeste pertsonaren inplikazio militantea ere, autoantolaketa komunitarioaren, mobilizazio kolektiboaren eta parte-hartze aktiboko beste modu batzuen bidez. Azken batean, belaunaldi askoren ahaleginari esker, nazio txiki honen sugarra bizirik mantendu ahal izan da.
Gaur, une historiko berri batean gaude, erronka sozial eta ekonomiko berrien aurrean. Ekitaldian, Mikel Urdangarinek funtsezkotzat jotzen dugun zerbait adierazi du: nazio hau hauskorra da. Aurrean ditugun erronkei aurre egiteko, tresna juridiko eta politiko berriak behar ditugu, gure herria babestu eta indartzeko, eta nazioa eraikitzeko eta instituzionalizatzeko prozesuaren jarraipena bermatzeko.
Horretarako, ezinbestekoa da jauzi politiko bat ematea, eta horrek esan nahi du estatus juridiko eta politiko berri bat lortu behar dela herriaren zati honntzat. Baina funtsezkoa da, halaber, nazio zahar honen instituzionalizazio prozesuak aurrera egitea gainerako herriade historikoetan.
Gaur helarazi nahi dugun mezua argia da: legealdi honek jauzi politikoarena izan behar du. Estatus politiko berri bati buruzko akordio bat lortu behar dugu, gure nazioaren hauskortasunak halako izateari utz diezaion behar diren bermeak emango dizkiguna. Gure gaitasun politikoak berreskuratzeko eta espero ditugun erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiteko tresna egokiez hornitzeko unea da.