AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-11

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, hautagai guztien arteko lehen eztabaida burutu da ETB1n. Lau bloketan banaturik, ekonomiaz, osasun publikoaz eta etxebizitza arazoez, autogobernuaz eta gobernatzeko aliantza eta akordioez hitz egiteko aukera izan du Pello Otxandiano, EH Bilduren lehendakarigaiak.

Eztabaida ekonomia gaiarekin abiatu da eta EH Bilduk industri politika berri bat aktibatzeko aurkeztu duen plana ekarri du gogora Otxandianok. Era berean, gogoratu du Urkulluren lehen legegintzaldian gaitasun finantziero zabalak artikulatzeko funts bat sortzeko proposamena egon zela: «baina ez zenuten lidergo nahikorik izan martxan jartzeko», zuzendu zaio EAJren hautagaiari. 

Osakidetza da herritarren kezkarik nagusienetako bat eta eztabaidaren tarte zabala hartu du Otxandianok gaiari heltzeko. «Duela bi urte eskas esaten zen Osakidetzan gertatzen zena aldaketa kultural bat zela. Gaur inork ez du zalantzan jartzen Osakidetzan arazo bat daukagula eta ez dagoela ondo. Bada zerbait. Orain ardurak asumitu behar dira», adierazi du. Behin eta berriz nabarmendu du ardurak asumitzeko eta Osakidetzaren egoeraz diagnostiko zehatz bat egiteko unea dela,«azken zortzi urteetan gainbehera bat gertatu bada, ardurak asumitu behar dira. Ez da politika ona, bete ez diren promesak eginez aurkeztea hauteskundeetara», agertu du modu kritikoan. Gaia ixteko, gainontzeko alderdiei eskua luzatu eta Osakidetza zutik jartzeko herri hitzarmena proposatu du Lehendakarigaiak, lau oinarriren gainean: langileekin batera antolatutako gobernantza, lan-politika berriak, lehen arreta indartu eta osasunaren adiera zabalago bat bultzatu, osasun mentala eta ikuspegi soziosanitarioa txertatuz. 
 


​Etxebizitzaren arazo larria izan da beste gaietako bat eta «kezkagarriak diren» bi datu plazaratu ditu Otxandianok: «EAEn Europako emantzipazio tasarik baxuenetarikoa dugu eta alokairuen prezioak %20 garestitu dira bost urteotan». Gai honetan adostasunak eta soluzioak bilatzeko beharra dagoela esan du, «etxebizitza Legearen oinarriak ez ditu inork zalantzan jartzen. Badugu aukera orain arte egin ez diren politikak martxan jartzeko». 

Hirugarren blokeari helduz, autogobernuan eta subiranotasunean sakontzeko dagoen herri mandatua eta beharra azaldu ditu EH Bilduren Lehendakarigaiak eta eskua luzatu die behin eta berriz gainontzeko alderdiei adostasunak lortzeko eta estatu politiko berri bat martxan jartzeko. «Balia dezagun Estatuan irekitako aukera leihoa gure herriaren nazio izaera aitortzeko eta burujabetzan aurrera egiteko», esan du. Hain zuzen ere, legegintzaldi berria abiatu eta hurrengo hiru hilabeteetan autogobernu ponentzia martxan jartzea proposatu du Otxandianok estatus berriaz eztabaidatzeko, «ondoren elkarrekin joan beharko gara Madrilera, herri gisa interlokuzio bakarrarekin negoziatzera». Haren esanetan, abertzalea, subiranista eta independentista izango da legebiltzarra oso modu zabalean. «Errespeta dezagun euskal gizartearen mandatu eta borondatea, kanpoko esku hartzerik gabe nazio aitortza lortzeko», eskatu du Otxandianok.

Eztabaidaren azkeneko txanpan sartuta, elkarlanerako eskuak zabalik mantendu ditu Lehendakarigaiak, gutxieneko akordioak lortzeko eta herri proiektua interesen gainetik jartzeko. «Osatu dezagun herri proiektu bat apirilaren 21eko mandatu herritarra jasoz. EH Bilduk hauteskundeak irabazten baditu, mandatu demokratikoa betetzea proposatuko dugu burujabetzan aurrera egiteko eta politika publiko berdinzaleagoak onartzeko». Otxandianoren iritzi egungo aliantza politika agortuta dago, «EAJk eta PSEk ordezkatzen duten aliantza politika agortuta dago. Ez du herri proiekturik oinarrian eta ez du egonkortasunik bermatzen», adierazi du eta horri errejenarazio politiko baten beharra gehitu dio, «XXI. mendean ezin da gobernatu herri xede argi gabe eta koalizio baztertzaileekin. Eraiki dezagun herri proiektu bat».