AKTUALITATEA

Aurrekontuak | 2024-10-28

Proposamen bat egin genuen duela bi aste inguru. Proposamen hori berritzailea da, planteatzen genuelako lau instituzioetako aurrekontuak modu bateratuan diseinatzea eta adostea. Une honek eskatzen du norabide bakar batean jartzea. Politika publikoak harmonizatzeko unea da. Ziurgabetasun handiko garaia da, eta honek eskatzen du jauzia ematea herri honi etorkizun bat emateko. Gure gaitasun guztiak modu koherentean ordenatzea da gure helburua.

Herri honen zati honi egonkortasun eraldatzailea eskatu nahi diogu, Ikusi besterik ez dago nola dagoen Espainia, Frantzia edo Europa bera. Herri txikia gara, gaitasun mugatuekin, eta uste dugu inportantea dela egonkortasuna izateko. Egonkortasuna ez gauden lekuan geratzeko, baizik eta eraldatzeko.
Erretorika semantiko komuna dago: denok mintzo gara herri ikuspegiaz, jauziak egin beharraz, arriskatzeko beharraz, belaunaldi honek bere ardurak hartu behar dituela… Erretorika komuna partekatzen dugu, eta hori politika zehatzetara eramanda, ematen digu aukera analisi komunika egiteko. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa egikaritu behar da, Osakidetzaren egoerari buelta eman behar zaiola, trantsizio energetikoa modu desordenatuan ezin dela egin… Hori guztia egin behar dela ez du inork zalantzan jartzen. Elkargune zabala dago, oinarrizko herri adostasunak josteko aukera dago. Erretorika hori politika publiko zehatzetara jaisteko aukera dago, aurrekontuen bitartez. Aukera egon badago. Hortik planteatzen dugu egonkortasuna ematea instituzioei.

Proposamen honek erantzuten dio zentzu komunari. Dagoen inestabilitate egoera nahiko begi-bistakoa da. Horrelako egoera batean egiten dugun proposamena zentzuzkoa da. Gainera, hauteskundeen emaitzak daude. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek ez dute gehiengorik ez Gipuzkoan eta ez Araban. Gure proposamen zentzu komunekoa da. Politika konbentzionaletik aldentzen da, baina gauden egoeran behartuta gaude konbentzionaltasunetik ateratzera. Aukera batzuk ere baditu gure herri txikiak, eta horietako bat da oposizioko jarrera. Begiratu, bestela, ingurura eta ea zein oposiziok duen guk daukagun jarrera eraikitzailea. Anomalia bat ere bada.

Elkarrizketarako saiaketa egin dugu, eta oraindik ez da martxan jartzerik izan. EAJk eta PSEk ez dute nahi izan EH Bildurekin elkarrizketa saio bat ireki. Bestalde, egon dira harreman politikoak eta azken egunetan EH Bilduk bilera egin du hiru diputatu nagusiekin. Egin duten ariketa eraman dugu hiru diputatu nagusiekin egin ditugun bileretara. Zehaztu dugu proposamen orokor hori eta kuantifikatu dugu herrialde bakoitzerako. Bihar Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko du bere aurrekontu proposamena, eta datozen egunetan hiru aldundiek egingo dugu. Guk gure lan metodo eta filosofia berdina izango dugu bilera guztietan. Agenda eta lehentasun batzuk islatu beha dira aurrekontuetarako elkarrizketa horietan.