EH Bilduk legegintzaldiaren lehen urtearen balantzea egin du, eta azpimarratu du hiru herrialdeek funtsezko une politiko bat bizi duela, eta une honetan baldintza bereziak daudela erronka burua handiei anbizioz eta arduraz heltzeko. Pello Otxandiano EH Bilduko Legebiltzarreko buruzagia irmo mintzatu da zerumuga politikoa markatzean: “Hau ez da Espainia. Hemen beste kultura politiko bat dago, beste oinarri demokratiko batzuk eta politika beste modu batera egiteko beste baldintza batzuk. Aukera hori aprobetxatu behar dugu”.
Legealdiaren lehen zati honetan EH Bilduk oposizio arduratsua, erabilgarria eta eraikitzailea egin duela defendatu du Otxandianok, sakoneko eztabaida guztietan modu aktiboan parte hartuz: Itun Etiko eta Aurrekontuetatik hasi eta fiskalitateraino, osasungintzaraino, politika industrial, energetikoraino edo etxebizitzaraino. “Proposamenak aurkeztu ditugu arlo guztietan, herri ikuspegiarekin eta akordiorako borondatearekin. Lehendakariak berak ere aitortu du zenbait kasutan posible izan dela adostasunetara iristea”, esan du.
Hala ere, ohartarazi du oraindik ere zailtasunak daudela herritarrek behar dituzten politika publikoen inguruan adostasun egonkorrak eta egiturazkoak eraikitzeko. Hori dela eta, ohartarazpen argia plazaratu du: “Edo akordio horiek eraikitzeko eta daukagun klima politikoa aprobetxatzeko gai gara, edo errotonda batean bueltaka jarraitzen dugu geldialditik atera gabe. Eta hori ez da baliozko aukera bat”.
EH Bilduk adierazi du prest dagoela akordioak landu, elkarrizketa elikatu eta adostasunak eraikitzen jarraitzeko. “Kultura politiko nahikoa eta marko politiko propioa ditugu. Kontua da orain ea prest egongo ote garen hauek aktibatu eta herri honen errealitate sozial eta ekonomikoari benetan erantzungo dioten politika publikoak egiteko”.
Nerea Kortajarena: “Pentsiodunen HELa mugarri demokratiko bat da, eta Legebiltzarrak mespretxatu ezin duen eskaera sozial argia”
Bere aldetik, Nerea Kortajarena EH Bilduko programa idazkari eta legebiltzarkideak balioan jarri du gaur Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin egindako bilera, pentsio baxuenak osatu eta duintzeko asmoz ofizialki aurkeztu baitu bere Herri Ekimen Legegilea (HEL).
Prozesuaren balio demokratikoa azpimarratu du Kortajarenak: “145.000 sinadura baino gehiago jasotzea ez da tramite txikia. Herritarren ahalegin ikaragarria da, eta mezu zuzena Legebiltzarrari. Aurrekaririk gabeko mugarria da eta bere mailako erantzun instituzionala eskatzen du”.
Legebiltzarkideak baieztatu duenez, EH Bilduk tramitatzearen alde bozkatuko du bere 27 ordezkariekin, bai funtsagatik, bai formagatik. “Ekimen legitimoa eta beharrezkoa da. Planteatzen duen eztabaida premiazkoa da: nola bermatu pentsio duinak, bereziki emakumeentzat, horiek baitira prekarietateak gehien kaltetu dituenak”, azpimarratu du.
Kortajarenak dei egin die gainontzeko taldeei mailan erantzun dezaten: “LHE honi ezin zaio muzin egin. Espero dugu alderdi guztiek baiezkoarekin bat egitea, eztabaida hau Legebiltzarrera merezi duen seriotasunarekin iristea ahalbidetzeko”.