Etxebizitzaren inguruko espekulazioa gelditzeko asmoz, EH Bilduk neurri fiskalak erregistratu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Zerga-erreforma honen bidez, etxebizitzarekin negozioa egiten duten pertsonak edo enpresak gehiago zergapetu nahi dira, dela salmentan, dela gehiegizko alokairuak kobratzean. "Bizi garen etxebizitza larrialdiaren egoeran, etxebizitza negozio edo inbertsio gisa erabiltzeko joera da arazoaren muina. Horregatik, neurriak hartu behar ditugu etxebizitzari bere funtsezko eta berebiziko funtzio soziala itzultzeko. Horretarako, egungo politika fiskala errotik aldatu behar da", azaldu du EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak.
Zentzu horretan, lau zerga aldatzea planteatzen da: Sozietateen gaineko Zerga, Ondare Eskualdaketen gaineko Zerga, PFEZ eta Ondarearen gaineko Zerga. Sozietateen gaineko Zergaren kasuan, ezin da onartu alokatzeko etxebizitzekin negozioa egiten dutenek gero onura fiskalak izatea. Horregatik, alokairuko bost etxebizitza baino gehiago dituztenei diru-sarreren % 90eko hobaria kentzea proposatzen da.
Ondare Eskualdaketen gaineko Zergaren kasuan, etxebizitzen salmentagatik ordaintzen dena, EH Bilduk hirugarren eta ondorengo etxebizitzen eskualdatze tasa handitzea eta edukitzaile handientzat (bost etxebizitza edo gehiago) are igoera handiagoak ezartzea proposatu du. "Neurri honekin oztopoak jarri nahi dizkiogu etxebizitzen kontzentrazioari eta inbertsio espekulatiboari. Etxebizitzak salduta negozioa egiten dutenek gehiago ordaintzea proposatzen dugu ", azaldu du Lopez de Arroyabek. Lehen etxebizitza eskuratzen dutenei lehentasuna emateko, kasu horretan zerga murriztua mantentzen da.
Gainera, EH Bilduk PFEZn % 20ko errekargua jartzea proposatu du turismo erabilerako etxebizitzei, eta beste horrenbeste eremu tentsionatuetan alokairuko etxebizitzen errentak erreferentziazko indizeen gainetik kobratzen dituztenentzat. Kasu horretan ere ezingo dira hobariak jaso. "Esan bezala, mugak jarri behar zaizkio alokairuaren negozioari. Ez da onargarria alokairuaren batez besteko errenta 1.300 eurotik gorakoa izatea, 624 eta 813 euro arteko prezioak ezartzen dituzten erreferentziazko indizeetatik oso urrun ", gaineratu du.
Azkenik, ondare-zergaren kasuan, zerga-oinarria altuena erabiltzea proposatu da 800.000 eurotik gorako ondareentzat. "Askotan errepikatu dugun bezala, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko erakunde guztien inplikazioa eta ditugun tresna guztien aplikazioa beharko dira. Eta zerga-politikak ere helburu horren zerbitzura egon behar du, etxebizitzan negozio-aukera bat ikusten dutenak gehiago zergapetuz eta funts publikoak sortuz, etxebizitza eskubide bat izan dadin bermatzeko, eta ez luxu bat ", amaitu du.