AKTUALITATEA

| 2026-06-25

Atzo iragarri bezala, EH Bilduren abstentzioak Enplegu Publikoaren Legearen erreforma ahalbidetu du gaur Legebiltzarrean, hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko asmoz. Pello Otxandianok azaldu duenez, euskararen aurkako oldarraldiari aurre egitea eta blokeo egoeratik ateratzea helburu, koalizio independentistak bide eman dio EAJren lege proposamenari eta, jeltzaleekin adostutakoari jarraituz, gaurtik aurrera, hiru urteko epealdian,  gaur onartutako lege aldaketaren eraginkortasun praktikoa neurtuko dute bi alderdiek, eta errealitateak erakusten badu ez dela eraginkorra, beste proposamen bat ipiniko dute mahai gainean, “EH Bilduk planteatzen dituen terminoetan”.

EH Bilduko bozeramaileak akordioaren dimentsio politikoa nabarmendu du, “blokeen politika gainditu delako eta eztabaida politikoa gailendu delako, blokeen politika batetik politika inklusibo batera pasata”. Bere irudiko, hori “urrats garrantzitsua da, debate politikoaren maila igo eta kalitate demokratikoa areagotzen duelako; hori da herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko behar dugun politika”. Izan ere, “erronka handiei eta garai ilunei aurre egin behar diegu, eta horrek herri akordio handiak eskatzen ditu”.

Euskarari buruzko akordio honek definitzen du, Otxandianoren iritziz, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak behar duten politika mota. “Debate politikoari blokerik gabe heltzea, tradizio politiko ezberdinen arteko adostasunak bilatzea, lurzoru komunak eta partekatuak marraztea, hori da hemen politikak behar duen jauzia, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian jada egin duten bezalaxe”.

Akordioa batzuen eta besteen beharrak bultzatuta heldu dela onartuta, oposizio-buruak beharra konbikzio politikoak ordezkatu dezala eskatu du. “Konbikzio politiko bat, zeinaren arabera herri honek tradizio politiko ezberdinen arteko elkarrizketa parlamentarioa eta kultura politiko bat behar dituen, herri gisa ditugun gaitasun guztiak aktibatzea ahalbidetuko duena, oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Enplegu Publikoaren Legeari buruzko afera zehatzera etorrita, Otxandianok PSErekin zein ezker konfederalarekin adostasun politiko zabalak lortzeko aukerak ikusten ditu, “ados gaudelako Administrazioa elebiduna izaten amaitu behar duelako ideiarekin, eta partekatzen dugulako prozesu hori graduala izan behar duela, berme juridikoekin. Beraz, ez litzateke zaila izan beharko erritmoa eta nola eman segurtasun juridikoa adostea”.