Mikel Otero EH Bilduren Arabako Kongresurako zerrendaburuak agerraldia egin du gaur goizean Amurrion, Arabako eta Euskal Herriko industriak bizi duen egoeraz eta etorkizuneko erronkez hitz egiteko. Oterok industria-politika integral baten beharra azpimarratu du, euskal industria-sarea mantendu, eraldatu eta indartzeko, eta trantsizio energetikoak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko.
"Industria da Arabako eta Euskal Herriko motor ekonomiko eta laborala. Urteetan zehar herri honi ehun produktibo indartsua eta milaka eta milaka langilerentzako kalitatezko enplegua mantentzea ahalbidetu dion motorra", adierazi du Oterok.
EH Bilduren hautagaiak ohartarazi duenez, hainbat enpresa egoera konplikatuak bizitzen ari dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu bai industria-sarea, bai milaka euskal langileren oraina eta etorkizuna.
"Zoritxarrez, ikusten ari gara enpresa askok egoera oso konplikatuak bizi dituztela, gure industria-sarea eta milaka euskal langileren oraina eta etorkizuna arriskuan jarriz. Madrilgo eta Gasteizko gobernuek industria-politikak garatu dituzte, baina ez dute jakin industriak bizi duen eraldaketari aurrea hartzen", azaldu du.
Ildo horretan, deskarbonizazioa, elektrifikazioa eta eraldaketa teknologikoa aipatu ditu Oterok, nazioarteko lehiakortasun industriala birdefinitzen ari diren prozesu gisa. "Aldaketa horiei aurrea ez hartzea orain ari gara ordaintzen. Amurrio eta Aiaraldea dira horren adibide argi bat. Izan ere, lanpostuak eta industria-sarea arriskuan daude", gaineratu du.
Egoera horri buelta emateko, EH Bilduk berrindustrializazio-prozesuak abian jartzearen aldeko apustua egiten duela adierazi du Oterok, euskal industria berriz ere abangoardian kokatzeko helburuarekin.
"Kalitatean, ikerketan eta garapenean punta-puntakoak diren enpresak lortzeko behar beste inbertitzea funtsezkoa dela uste dugu. Aurrean ditugun aldaketa handiei aurre egin behar diegu, eta bereziki gure ekonomiaren deskarbonizazioari; izan ere, gure industria indartzeko eta modernizatzeko aukera gisa ulertzen dugu", adierazi du.
Horretarako, industria elektrifikatzeko beharrezko erabakiak hartzea, inbertsio berriak bultzatzea eta gaitasun teknologiko berriak garatzea ezinbestekotzat jo ditu, euskal industriaren lehiakortasuna bermatzeko. "Trantsizio energetikoaren protagonistak izan behar dugu, egokitzapen soiletik harago joanda", azpimarratu du.
Era berean, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die beharrezko politikak abian jar ditzatela, potentziala eta etorkizuneko aukerak dituzten enpresak itxi edo deslokaliza ez daitezen, milaka langile lanik gabe utziz.
"Gobernuek egoera honen ardura hartu eta gure industria mantendu, eraldatu eta indartzeko apustu irmoa egiteko garaia da", adierazi du.
Azkenik, Oterok EH Bilduren konpromisoa berretsi du: euskal industria eta bertako langileak defendatzea, inbertsio berriak erakartzea eta industria-sarea indartzeko neurriak bultzatzea.
"Gure industria-sarea hobetzeko eta indartzeko neurri gehiago lortzen jarraitzea da gure helburua, industria elektrointentsiboentzako laguntzak edo ahalmen elektrikoaren handitzea bultzatuz egin genuen bezala. Baina askoz gehiago behar da. Industria-politika integrala behar da, etorkizuneko ikuspegia izango duena, aldaketei aurrea hartuko diena, trantsizio energetikoaren aukerak aprobetxatuko dituena eta langileei eta enpresei ziurtasunak eskainiko dizkiena. Horretan jarraituko dugu lanean", amaitu du.