AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2026-11-24

EH Bilduk Agurainen burutu du gaur kanpainako ekitaldi nagusia, eta bertan hitza hartu dute Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikorako idazkariak, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak eta Eba Blanco Kongresurako Arabako hautagaiak.

Arkaitz Rodriguezek mehatxu faxistaren aurrean besoak ez jaisteko eta amore ez emateko eskatu du, esperantzarako aldarria eginez. Esan duenez, “garai ilunei determinazioz egiten zaie aurre, inoiz ez erresignaziotik. Ez baita etsipenerako edo besoak jaisteko unea. Hau esperantzarako momentua da. Orain inoiz baino gehiago”.

Alde horretatik, erantsi du Rodriguezek, “ezker subiranistak gaur konpromisoa hartzen du euskal herritar guztiekin partida hau 90. minutura arte jokatzeko. Guk ez ditugu euskal herritarrak abandonatuko. Atsedenik gabe borrokatuko dugu faxistak gelditzeko eta gehiengo aurrerakoi eta ausart bat posible egiteko. EH Bildurik gabe zenbakiek ez dutelako ematen, baina EH Bildurekin bermatuta dagoelako Euskal Herriaren eta bertako jendearen defentsa. Siglen gainetik, konfiantza. Hitzetatik haratago, ekintzak. Igande honetan denok irribarre zabal batekin ezkerreko suberanismoa bozkatzera. Boto guztiak EH Bildun biltzera. Posible egin”.

Datorren igandean jokoan dagoenaz ohartarazi du Rodriguezek. “Edo zibilizazioa edo basakeria, edo demokrazia edo autoritarismoa, hori da hautua, kontu honekin broma gutxi, ondotxo dakigulako zer egiteko gai diren. Haiekin emakumeek, langileek, nagusiek eta gure herriak, gure autogobernuak, gure instituzioek eta gure hizkuntza nazionalak, galduko dute”. Hortaz, “bloke erreakzionarioa gelditu beharra dago, baina ezin da gelditu ez PSOE bezalako ezker akonplejatu batekin, ez etengabeko xextran dabilen Estatuko ezkerrarekin, ez eta Gasteizen, Gipuzkoan eta Durangon, EH Bilduk gobernatu ez zezan, bloke horrekin bat egin zutenekin ere. Bloke erreakzionarioa gelditzeko boto bakarra EH Bildu da”.

PP-Vox gelditzeaz gain, hauteskunde hauetan bigarren helburu bat ere badu EH Bilduk, Ekintza Politikorako idazkariak azaldu duenez. “Gure bigarren helburua EH Bilduk ordezkatzen duen esperantza eta aldaketa olatua indartzea da, hauteskunde hauek ez baitira ezeren amaiera. Aldaketa hori hemendik bertatik hasten da. EH Bilduk ordezkatzen duen olatu hori ez da behin-behinekoa, gelditzeko eta irabazteko etorri da, eta hala erakutsiko dugu datorren igandean”. Rodriguez ziur agertu da: igandean “EH Bildu are gehiago indartuko da, eta gertu dago EH Bildu herri honetako instituzio gorenak gobernatuko dituen eguna, EH Bilduk soluzioak ordezkatzen dituelako, baina bereziki guretzat bai lehenago aberria, eta gero, alderdia delako”.

Ildo horri jarraituz, Mikel Oterok hauteskunde hauen ezohiko izaera nabarmendu du. “Atzo Oskarrek egindako eztabaidan egiaztatu genuen hauek ez direla ohiko hauteskundeak. Eta asko dagoela jokoan. Zeren, inork sinesten al du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Edo garraio publikorako laguntzak luzatuko dituela? Edo bankari zergak jarriko dizkiola? Nor engainatu nahi dute eskuinak pentsioak pribatizatuko ez dituela diotenek? Inork uste al du euskal herritarron eskubideak bermatuko dituztela? Arrisku bat dira gure autogobernuarentzat eta euskararentzat. Baina badakizue zer? Euskal Herria ez dute engainatzen. Euskal herritarrok ez gaituzue engainatuko”.

Hortaz, Arabako zerrendaburuak igandean EH Bildu irabazle ateratzearen garrantzia azpimarratu du. “Ezker subiranistak irabazi behar du, eskubideen berme garelako eta jendeari egia esaten diogulako. Zintzotasunak irabazi behar du. Politika onak irabazi behar du. Azken batean, jendeak irabazi behar du. Eta, hori lortzeko, EH Bildu tresna eraginkorra da. Motozerraren aurrean, jendeak irabazi behar duelako. Erreakzioaren aurrean, Euskal Herriak irabazi behar duelako”.

Eba Blancok, “EH Bilduk Arabatik Madrilera bidaliko duen bigarren diputatuak”, ere hartu du hitza Agurainen, eta orain arte koalizio suberanistak Kongresuan zein Senatuan egindako lanari erreparatu dio, alargunen pentsioak % 15 igotzea ahalbidetu duelako, adibidez. “Alargunak dira egoera zaurgarriak gehien pairatzen dituzten kolektiboetako bat, eta haien pentsioak % 15 igo dira EH Bilduri esker, eta % 15 gehiago merezi dute, bai eta beren pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea ere. Pentsio duinak merezi dituzte, sobera irabazi dituztelako”.

Halaber, bihar indarkeria matxistaren aurkako eguna dela gogorarazi du Blancok, eta aldarrikatu du “EH Bilduren botoa boto feminista dela, indarkeria matxista ukatzen dutenen aurrean, EH Bilduk borroka feminista bermatzen duelako”.