AKTUALITATEA

| 2026-11-23

EH Bilduk Portugaleten burutu du gaur kanpainako ekitaldi nagusia, eta bertan hitza hartu dute Arnaldo Otegi idazkari nagusiak eta Marije Fullaondo Kongresurako Bizkaiko hautagaiak. Haiekin eta Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak. Haiekin egon dira, baita ere, Iker Casanova Bizkaiko diputatu nagusirako hautagaia eta Eneritz Mancisidor Portugaleteko udal taldeko bozeramailea.

Arnaldo Otegi baikor agertu da Portugaleten, sinetsita baitago datorren igandean Ezkerraldeak historia idatziko duela berriz, oraingoan ere ez dela tronpatuko eta balantza inklinatuko duela bloke erreakzionarioa garaitzeko eta EH Bildu indartzeko. Izan ere, Ezkerraldean ezkerrak erabakiko du euskalduna, sozialista, subiranista eta antiarrazista dela.

“Aurreko hauteskunde orokorretako sabaia hautsiko dugu berriz, ziurtatzen dizuet. Boto eta diputatu gehiago izango ditugu, hori ziur. Ezkerraldeak, Meatzaldeak bezala, PP-Vox blokea garaituko du. Hemen ez dago tokirik ez neofaxistentzat, ez faxistentzat, ez eskubideak murriztu daitezkeela uste dutenentzat. Hemen PP-Vox blokea garaituko dugu, baina, gainera, ezker independentista indartuko dugu, eta nola gainera. Ziur nago Ezkerraldeak historia egingo duela berriz, eta konfiantza masiboa emango diola ezker subiranistari, Ezkerraldeak nondik datorren dakielako, baina, batez ere, nora joan nahi duen dakielako, eta ez dago gure seme-alabentzat, gure ilobentzat ez dago etorkizunik hoberik berdinen euskal errepublika baino”.

Areago, “Ezkerraldean, Bizkaian bezala, botoen norabidea aldatzen denean, herri honen historia aldatuko da. Trantsizio horretan gaude, eta gero eta jende gehiagok bat egingo du hemen ere ezker subiranistaren ideiekin. Horrek etorkizuneko bermea ematen digu, ezker independentistak Ezkerraldean irabazten dugun egunean, bidearen %90 egina izango dugulako”.

Otegik gogorarazi du Ezkerraldean jaio zela euskal langile mugimendua, eta azpimarratu du eskualde hau ez dagoela periferian, gure proiektu nazionalaren erdian baizik. Pasa den mendean Estatuko beste toki batzuetatik iritsi ziren migratzaileek Euskal Herriari egindako ekarpena aitortu eta eskertu du EH Bilduko idazkari nagusiak. “Maleta eta amets batekin etorri ziren, bizitza hobe baten bila, eta, batzuek bi komunitateren arteko zatiketa egongo zela esan arren, ez zen zatiketarik egon, fusioa baizik, guztiok fabrika berberetan lan egiten genuelako, auzo berberetan bizi ginelako, guztiok amets, ilusio eta itxaropen berberak genituelako”, eta horrela, Ezkerraldea erabakigarria izan da hemen, bi komunitate ez, berdinen euskal errepublika nahi duen herri bat egon dadin. Izan ere, guretzat, euskaldunak dira Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztiak, haiek hala nahi izanez gero, eta gaur inoiz baino gehiago gogorarazi nahi dut. Hori da gure iritzia, eta are indartsuago defendatuko dugu gaur”.

Marije Fullaondok EH Bildu indartsu baten beharra aldarrikatu du, “gehiago egiteko, gehiago izan behar dugulako”. Izan ere, “gu ez gara konformatzen eskuin muturra geldiaraztearekin. Guk ezkerreko politika anbiziotsuak egin nahi ditugu. Azken urteotan Madrildik Euskal Herrira ekarri ditugun lorpenetan sakondu nahi dugu. Eta horretarako bermea da EH Bilduren aldeko botoa. Boto ziurra delako. Batu eta biderkatzen duen ezkerra garelako: 0 kilometrokoa, zintzoa, lan asko egiten duena eta zarata gutxi ateratzen duena”.

Kongresurako hautagaiak gogoan izan ditu pentsiodunak, emakumeak, gazteak eta langileak, eta haien guztien eskubideen alde bozkatzera deitu du. “Astelehena da gaur, pentsiodunek kaleak hartzen dituzten eguna. Gaur ere alboan izango gaituzte. Asteazkenean ere kalera irtengo gara, indarkeria matxistarekin amaitu behar dela ozen aldarrikatzeko. Eta igandean bozkatu egingo dugu: pentsiodunengatik, emakumeen eskubideengatik, gazteengatik eta langileengatik. Bozkatu egingo dugu Euskal Herria eta bertako herritarrak defendatzeko; etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, prezioak jaisteko eta soldatak duintzeko”.

Otegi eta Fullaondoren aurretik, Iker Casanovak hartu du hitza. Bizkaiko diputatu nagusirako hautagaiak Bizkaian hauteskundeak EH Bilduk irabaziko dituela aurreratu du. “Bizkaiak, duen pisu demografikoagatik, funtsezkoa da Euskal Herrian gertatu beharreko aldaketa politikoa gauzatzeko”, eta Bizkaian, beste toki askotan bezala, EH Bildu hegemonikoa da jada gero eta eremu gehiagotan, eta hain justu horrek eramango du igandean herrialdean hauteskundeak irabaztera.