AKTUALITATEA

| 2025-04-16

Herri Irratian egindako elkarrizketan, Pello Otxandianok Eusko Jaurlaritzaren neurri ekonomikoak hobetzeko eta osatzeko proposamen zehatzak aurreratu ditu. «Hurrengo asteetan proposamen zehatzak egingo ditugu baldintzazkotasunari dagokionez, kontratazio publikoa erabiltzeko aukerari dagokionez eta hornidura-kateak birlokalizatzeko estrategiak aztertzeari dagokionez», esan du.

Ildo horretan, positiboki baloratu du Imanol Pradales lehendakariarekin izandako bilera, baina azpimarratu du beharrezkoa dela industria-plan bat mahai gainean jartzea. «Testuinguru berri eta konplexu batean kokatu behar dugu, ez da nahikoa estimulu baten aurrean jardun erreaktiboa izatea. Trumpen muga-zergen aurrean industria defendatzea baino gehiago, Kontseilu Industrial bat behar dugu anbizio handiko plan industrial bat diseinatu eta gidatzeko». «Funts subirano baten aldeko apustua egiten dugu, behar dugun industria-politika horren abiapuntua izango den finantza-tresna estrategiko baten alde», gaineratu du.

Bozeramailearen hitzetan, egungo egoeran epe laburreko erabakiak dira nagusi. «Gaur egun euskal politikan dugun gabeziarik handiena da ez dagoela sakoneko eztabaidarik, ez dagoela epe ertain edo luzeari buruzko eztabaida politiko seriorik, eta epe laburrekoak eta eguneroko posizionamendua direla nagusi», adierazi du. Horregatik, «eskalako erreakzioaren» beharra aldarrikatu du, «gauza bera egiten jarraitzea ez delako nahikoa. Deigarria da esfera publikoan eztabaidarik handiena AHT Ezkiotik edo Gasteiztik igarotzen den izatea, hezkuntza, industria edo energia arloan ditugun erronkekin».