Ponentzia politikoaren eztabaidak amaitu eta gero, herritarren kezkekin bat egiten duten hainbat gai sakonean landuko ditu EH Bilduk, bere Kongresuaren dinamikaren barruan. Modu horretara, pantailen erabilerak batez ere haur eta gazteengan dituen ondorioak, adimen artifizialaren erabilera eta horren ondorioak eta gazteen arrakala eta etorkizuna bezalako gai mamitsuei helduko die ezker subiranistak hurrengo asteetan. Horretarako, hainbat aditu elkartu eta solasaldiak egingo ditu Donostian, Bilbon eta Gasteizen.
Bihar, asteazkenean, izango da lehen solasaldia, eta Donostiako Tabakaleran egingo da, arratsaldeko 18:30ean. ‘Pantailekin zer? Aukerei eta mehatxuei begirada hezkuntza sisteman’ izenburuko solasaldian hainbat adituk hartuko dute hitza: Cesar Rendueles soziologoa eta ikertzailea, Jesus Vinyes i Ciera Kataluniako Eskola Kontseiluko presidente ohia, Mirene Beiain pediatra eta Altxa Buruako kidea eta Amaia Arroyo heziketa bereziko irakaslea eta ikertzailea.
‘Adimen artifiziala eta eraldaketa soziala’ izenburua izango du EH Bilduk bere Kongresuaren dinamikan antolatutako bigarren solasaldiak. Bilboko Arrupe Etxean egingo da, hilaren 22an, arratsaldeko 18:00etan. Xabier E. Barandiaran filosofian doktorea eta ikertzailea, Miren Gutierrez komunikazioan doktora eta ikertzailea, Eduardo Apodaka soziologian doktorea eta ikertzailea, Xabier Arregi informatikan doktorea eta IXA taldeko koordinatzailea eta Ainhize Barrainkua fisikaria, ingeniaria eta doktoregaia izango dira gaiari helduko dioten adituak.
Gazteen arrakala eta etorkizuna izango da azken solasaldia. Gasteizen egingo da, urtarrilaren 29an, Gasteizko egoitzan, arratsaldeko 18:30an. Jokin Bergara, Garazi Zalbidea eta Irati Mogollonek hainbat ikuspuntutatik helduko diote gazteen etorkizunaren gaiari.