AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-01-13

Hegoaldeko Batzar Nagusia egin du EH Bilduk, gaur goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan, eta bertan jakinarazi da bilkideen gehiengo zabal batek berretsi egin dutela Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan ezber subiranistaren lehendakarigaia izatea. Hain justu, botoa eman duten bilkideen %94ek babestu dute Pello Otxandiano. Behin emaitzen berri eman ostean, hitza hartu du Otxandiano berak, eta hurrengo hauteskundeen gakoa “dekadentzia ala anbizioa” izango dela azpimarratu du.

“Galdera sinple bezain sakon bati erantzun beharrean aurkitzen gara”, esan du EH Bilduren lehendakarigaiak. “Galdera hauxe bera planteatu nahi dizuet nik gaur hemen: herri honek inertzian eta noraezean jarrai dezan nahi dugu edo erregenerazio politikoari ekingo al diogu? Dekadentzia ala anbizioa, hor dago koxka”.

“Niretzat, eta EH Bildurentzat”, jarraitu du Otxandianok, “gauden bezala jarraitzea ez da aukera bat”. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politika instituzionalean “puntu eta aparte” egitea behar duela azpimarratu du. “Eta uste dut gero eta gehiago garela, gero eta jende gehiago dagoela herri honetan erregenerazio gosez. Eta ni, nahi hori, gogo hori ordezkatzeko prest naukazue”.

“Herri honen historia idazten jarraitu nahi duten, duzuen, milaka herritarrekin batera egin nahi dut bide hau”, esan du Otxandianok. “Herri honen erreferentzialtasuna, ongizate-indizea eta eredugarritasuna berreskuratzera goaz. Berrikuntza, trakzio gaitasuna eta anbizioa. Konpromisoa. Hori eskaintzera nator eta ez egin zalantzarik, handia egitera goaz”.