EH Bildu kezkatuta agertu da gaur Osasun Itun baterako Mahaia hartzen ari den prozedurarekin eta garapen faltarekin. Jaurlaritzaren aldetik prozesu hori azkar eta zehaztasunik gabe ixteko premia sumatzen ari gara, bai eta erabakigarria den korapiloa askatu gabe uzteko borondatea ere, sare publikoaren eta pribatuaren arteko harremana, alegia.
Modu egoki eta zuzenean landu diren gaien alde bozkatu du EH Bilduk, baina aurrerapenak jaso dituzten erabaki eta arlo asko ezerezean gera daitezke Osasun Sistema Publikoaren aldeko konpromiso esplizitu bat ez badago. Osasun Mahaiak ezinbestean askatu behar duen korapilo bat dago: sistema publikoaren aldeko konpromiso esplizitu eta garbia adierazi behar du.
Beraz, gaur azpimarratu nahi dugu horri dagokionean lan asko dagoela egiteko eta sakontzeko, EH Bilduk akordio on bat lortu nahi duelako, ez edonolako akordio bat. Adostasuna egongo da, baldin eta pribatizazioak baztertzeko eta osasun sistema publikoa indartzeko konpromiso argia badago. Hala ez bada, EH Bildu ezin izango da akordio batean egon.
Eta akordio on bat nahi dugunez, metodologiak errespetatzeko eta lantaldeetan egiten, erabakitzen eta, batez ere, adosten ari diren puntuekin leial jokatzeko deia egiten dugu.
Azkenik, jendaurrean agertzen garen bakoitzean egiten dugun bezala, gaur ere eskertu nahi dugu Osasun Mahaiko lantaldeetan dozenaka eta dozenaka pertsona egiten ari diren lan eskerga.