EH Bilduk bat egiten dugu gehiengo sindikalak larunbat honetarako deitutako mobilizazioarekin, eta dei egiten die euskal herritarrei eta eragile sozial eta politiko guztiei mobilizazioarekin bat egin dezaten. Ezker subiranistarentzat, euskara biziberritzea ez da helburu isolatua; aspalditik mantentzen dugun konpromiso irmoa da, gure komunitatearekin, euskalgintza eremuko eragileekin eta gure hizkuntza nazionalak jauzi kualitatiboa eman behar duela uste duten milaka herritarrekin eskuz esku lan eginez. Ildo horretan, joan den astelehenean hizkuntza politika berri baterako gure proposamena aurkeztu genuen, hainbat hilabeteko prozesu parte-hartzailearen emaitza.
Premiazkotzat jotzen dugu euskara eta gure hizkuntza eskubideak babestea bizitzen ari garen ofentsiba juridiko, politiko eta mediatikoaren aurrean. Testuinguru horretan kokatzen dugu Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko egin dugun ahalegina. Uste dugu beharrezkoa dela egiazko berdintasun juridikoa lortzea euskararen eta gaztelaniaren artean, bai eta gure eskubideen berme eraginkorra ere, betiere modu pragmatikoan eta enpatiaz jokatuz gure hizkuntzaren partaide egin behar ditugun pertsona guztiekiko.
Ziur gaude posible dela ofentsiba honi aurre egitea eta euskara biziberrituko duen politika berri bat martxan jartzea. Horretarako, elkarrizketa eta negoziazioa ezinbesteko tresnak dira. Horrekin batera, aldarrikapena ere behar dugu kaleetan, gure eskubideak ahots propioz defendatzeko. Euskarak eta Enplegu Publikoaren Legeak ahalik eta akordio eta adostasun zabalenak behar dituzte; horregatik, alderdi politiko gisa dagokigun erantzukizunetik, Legebiltzarraren lanean sakontzeko eta herri honen itxaropenen mailan egoteko konpromisoa berresten dugu.
Euskararen estatus juridikoan urrats sendoak emateko eta eskubide berdintasunean aurrera egiteko unea da orain. Horregatik guztiagatik, larunbat honetan kaleak betetzera animatzen zaituztegu.