AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-07-15

Pello Otxandiano pozik agertu da gaur goizean Imanol Pradales lehendakariarekin izan duen bileraren emaitzarekin, espektatibak bete egin direlakoan. Esan duenez, “bilera oso ondo joan da, belaunaldi berri bat gara, lehen aldiz elkartu gara eta aukera dugu datozen lau urteetan herri honi bultzada berri bat emateko. Inbestidura saioan esan genuen herri honek eraldaketa nazional bat behar duela eta hori askoren artean egin behar dela. Legebiltzarrean bi indar abertzale gaude 27 eserlekurekin eta gure ardura da herri honi bultzada bat ematea; belaunaldi berri bat gara eta ardura horretatik ekin behar diogu datozen urteetan”.

Mahai gainean gai asko izan badira ere, Osakidetza eta estatus politiko berria izan dira mintzagai nagusiak, Otxandianok azaldu duenez. “Osakidetzari dagokionez, prestutasun osoa dugu lehendakariak planteatutako itunean parte hartzeko, sinetsita gaudelako beharrezkoa dela epe ertain-luzeko ikuspegia eta egiturazko aldaketa bat Osakidetza zutik jartzeko”. Hori dela eta, iragarri du, “Osakidetzaren afera aurrekontuen eztabaidatik aterako dugu udazkenean, epe laburreko eztabaida partidistatik kanpo utzi behar delako”.

Estatus politiko berriaz, “sintonia dago Pradalesekin diagnostikoan eta eman beharreko jauzian, arnasberritze nazional baten beharrean”, esan du Otxandianok. Horren haritik, “lehendakariaren eta nire artean konfiantza esparru bat eraikitzeko borondatea eta konpromisoa” adierazi du,  “alderdien arteko negoziaketa diskretutik eta Parlamentuan eman beharreko eztabaidatik harago, autogobernu berri baterako herri akordio zabal bat lortzeko”. Izan ere, “egongo dira alderdien artean zein Legebiltzarrean beste eremu batzuk, baina bion artean konfiantza esparru bat eraiki behar da”.