Nerea Kortajarena EH Bilduko Programa idazkari elkarrizketa ETB 1eko 'Egun On' saioan. Atzo Eusko Legebiltzarrean EAJk eta PSEk onartutako etxebizitza kontraerreforma gogor salatu du bozeramaileak, atzera pauso kezkagarria delakoan. «Bizi dugun etxebizitza larrialdia ikusita, gazte belaunaldi oso baten etorkizuna baldintzatzen ari dena, aukera galdu zen orain arteko politika merkantilistak albo batera utzi eta etxebizitza parke publiko indartsu baten alde egiteko», esan du.
Ildo berean, aurrekontuetan ere anbiziorik gabe jokatu dela adierazi du Kortajarenak. «Jaurlaritzak ez du bere bideorritik aldendu nahi izan, argazkira batzea bakarrik izan dute helburu. Ez da akordiorako borondate politikorik egon. Gure emendakin guztiak atzera bota izana da horren isla», azaldu du.
Espainiako Estatuak, atzoko egunean, Txiki eta Otaegi biktimatzat hartu zituen eta baliogabetzat eta legez kanpokotzat jo zituen fusilatu zituzteneko zigorrak. Kortajarenaren esanetan, «urrats garrantzitsua da biktima guztiek merezi duten memoria, egia, justizia eta erreparaziorantz». «50 urte igaro dira aitortzeko Txiki eta Otaegi errepresio politikoaren, giza eskubideen urraketen eta Frankismoaren biktima izan zirela. Burura datorzkit udaran PSEko eta EAJko hainbat kidek esandakoak, aitortza honek balio dezala birbiktimizazio gehiagorik ez pairatzeko», nabarmendu du.
Ernai erakundearen azken ekintzen harira hainbat bozeramailek egindako adierazpenen ondotik, Kortajarenaren irudiz, «oso tristea da Lehendakaria foro ekonomiko batean euskal gazteriaz eta EH Bilduz termino horietan aritzea, arinkerian eta hiperbolean. Ziurtasun bat daukagu: ez ditugu datozen egunak pasatuko Ortuzarren Telefonikako fitxaketaz eta ate birakarien kalteaz hitz egiten».