AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-15

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Arrasaten. Bertan hitza hartu dute Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuak eta Arkaitz Rodriguez Gipuzkoako hautagaiak. Kortajarenaren esanetan, «beldurra eta desesperanzaren mezuak hauspotzen ari dira egunotan, baina ditugun erronkek segurtasun berriak behar dituzte, galdera berrien aurrean, soluzio berriak plazaratzeko momentua da». Ilusioari dei eginez beraz, adierazi du, «aldaketaren sekretua honakoa da: gure energia guztia, ez erabiltzea zaharraren aurka borrokatzeko, baizik eta berria eraikitzeko», Sokratesen hitzak gaurkotasunera ekarrizk. «Guk gaurdanik eraikitzen dugu etorkizuna eta egunetik egunera gero eta gehiago gara, eta igandetik aurrera EH Bildu borondate gehiagoren topaleku izango da», baieztatu du hautagaiak. 

Arkaitz Rodriguezek, mezu zuzena izan du beldurraren mezuak astintzen ari diren alderdi politikoentzat, «beldurra eta gezurrak zabaltzen dituzte txipiroi-tinta gisa, beren erabakien ondorio negargarriei buruz hitz egin ez dadin. Ikusi besterik ez dago Osakidetzarekin gertatzen dena, gobernantza dekadente baten ikurra», ohartarazi du. «Aldaketa bat behar da hemen arazoak pilatzen ari direlako eta egungo gobernua ez delako gai agertzen ari arazo horiei erantzuteko», nabarmendu du eta argi utzi nahi izan du EH Bilduren asmoa: «aldaketa behar da eskubideekin negozioa egitea onartezina delako eta gu gauzak aldatzera goaz!».